Oñatiko udala

Herriko hainbat eragileren artean osatu da Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruko egitaraua

2017/02/28
Card image cap
"Libria izan gura dot, ez balientia" mezua aldarrikatzen da kartelean

  Martxoaren 8aren inguruan osatu den egitaraua ostiralean abiatuko da Ekofeminismo: deconstruir para construir alternativas hitzaldiaren bitartez. Hurrengo egunean, larunbat goizean, emakume artisauen azoka egingo da plazan eta plazan egingo da baita ere, martxoaren 8an bertan, aldarrikapen elkarretaratzea. Emakumearen Nazioarteko Eguna borobilduz, Konpasetan: bidaia intimo bat emakumeen istorioetan zehar izeneko kontakizun-musikatu ekitaldia egingo da liburutegian. Baina, ondorengo egunetan ere izango da ekitaldirik. Zine klubak, esaterako Emakumearen Egunarekin bat eginda, Bar Bahar filma israeldarra programatu du martxoaren 9rako eta 10an berriz, Mondragon Unibertsitateak eta Kilometroak'17ak eskutik antolatuta, BERDINTXIKETAN Oñatiko 7. lasterketa mistoa egingo da. Datorren asteko ekitaldiak, martxoaren 11an egingo den bazkari feministaz borobilduko dira. Bazkaria, Antixena gaztetxean izango da eta txartelak salgai daude Ona eta Arrano tabernetan.

  Andraitz mendira irteera eta Zuriñe Rodriguez idazlearekin osatuko den tertulixa saio berezia ere antolatu dira martxoaren 18 eta 22rako. Aipagarria da bestalde, Selma Huxley izena daraman ikerketa bekaren aurkezpena martxoaren 29an egingo dela. Ekitaldia borobilduz, gerra eta emakumeon memoria historikoaz mahai ingurua egingo da Irantzu Mendia eta Amagoia Gurrutxagarekin.

  Elkar Hezi ikastetxeak antolatu duen Código Atenea antzezlana ere jaso da Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruko egitarauan, martxoaren 31an izango da kultur etxean. Baina azken ekitaldia, apirilaren 6rako antolatu den liburu aurkezpena da; Leire Ibarguren eta Miren Odriozolak Laura deitzen zioten liburua presentatuko dute.

  Errekalde eta San Lorentzo arteko tunelean egin eta egun gutxira erreta agertu zen kartela gogora ekarrita LIBRIA IZAN GURA DOT EZ BALIENTIA izenburupean osatu da hilabetez luzatuko den martxoaren 8aren inguruko ekitaldi egitaraua.
Herriko hainbat eragilek parte hartu dute ekintzak proposatu eta antolatzen: Oñatiko sare feministak, natur eskolak, Mondragon Unibertsitateak, Kilometroak 2017ak, Elkar Hezi ikastetxeak, zine klub taldeak eta udalak. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!