Herriko etxetako kontsumoa betetzeko adina produkzio izan zuen Oñatiko Ur Jauziak iaz

2022/01/25
Card image cap
2021a urte oparoa izan da enpresarentzat, urtarrila, otsaila eta azaroko euriei esker

  2021ean 12.769 MegaWattOrdu sortu dira Oñatiko Ur Jauziak enpresako argindar etxeetan: Olate, Lamiategi eta Tokillon. Horrek, urtean, herriko etxeetako kontsumoa betetzen du kasik. Garrantzitsua da azpimarratzea gainera, Ur Jauzietako produkzioa garbia dela, hau da, erreketako uraren indarrez zuzenean sortzen den energia berriztagarria dela. Eta argindar sortzaile erreketako ura den aldetik, honen emaria eta euria, edo elurra, guztiz erabakigarria da, 2021eko Ur Jauzietako datuetan ikusten denez. Urtarrila, otsaila eta azaroa oso euritsuak izan ziren, gogoratuko duzuenez, eta argindar etxeetako produkzioa bereziki esanguratsua izan zen hiru hilabete horietan, are gehiago, 2020ko datuekin alderatzen badugu. Aipagarria da, ekaina eta uztailean ere, 2020ko produkzio datuak hobetu zirela. Orokorrean, Oñatiko Ur Jauziak 12.769 MegaWattOrdu sortu ziren iaz, aurreko urtean baino 562 gehiago.

  Oñatiko etxe, lokal eta enpresen argindar kontsumoari erreparatuta 12.769 MegaWattOrduko produkzioa kontsumo osoaren % 7,2a litzateke. Herriko enpresen energia kontsumoa oso handia da, Ur Jauziak ekoiztutakoa baino 13 aldiz handiagoa ia, baina etxe partikularretako kontsumoa betetzeko adina litzateke herriko argindar etxeek iaz sortutakoa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!