Herriko etxebizitzen erabilera eta beharren azterketa kontratatu du udalak

2017/03/14
Card image cap
Oñatiko etxebizitza parkearen eta alde zaharreko lokalen erabilera maila aztertuko da etorkizuneko beharrak identifikatu eta bideratzeko

  Antzerako lanetan eskarmentua duen GISLAN enpresa kontratatu da, herriko etxebizitzen erabilera eta etorkizuneko beharra aztertu dezan. Lehenik, Oñatiko etxebizitza parkearen erabilera maila aztertuko da, hutsik dauden etxebizitzak zehaztuz eta okupatuta daudenetan bizi den lagun kopurua, adina eta beste zenbait faktore kontutan hartuz. Era berean, etorkizuneko beharrak identifikatuko dira, gazteen emantzipazio fenomenoa esterako, eta bestelako premien estimazioa ere egingo da.
Dagoena eta etorkizuneko premiak aurreikusita, biak parez pare jarriko dira, hurrengo urteetan izan daitekeen etxebizitza eskaera maila kuantifikatzeko.

  Baina kopurua ez ezik, etxebizitzen kalitatea ere jaso asmo da azterketa honetan, alegia, zein urteko eraikinak diren edota hobekuntza lanik egin ote den. Horrela, udalaren etorkizuneko interbentzioetarako lehentasunak zehaztu ahal izango dira.

  Etxebizitzak izango dira azterketa lan honen oinarri baina alde zaharrean dauden lokalak ere identifikatuko dira eta hauen egungo egoera ez ezik, epe motz-erdira zein egoeratan egon daitezken zehazten saiatuko dira GISLAN enpresako adituak. Dagoeneko lanean hasita daude eta errolda nahiz eraikuntza aldetik udalak dituen datuak biltzen ari dira. Datu basea osatutakoan, kontraste eta azterketa faseari ekingo diote. Azterketa txostena lau bat hilabetetan egitea aurreikusten da.

  Oñatiko etxebizitzen erabilera eta beharren azterketa egitearren, 16.875 euro ordainduko zaizkio Gislan enpresari.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!