Oñatiko udala

Herriko eragileen mapa osatu du Udalak, ekintza komunitarioa indartzeko helburuz

2023/01/12
Card image cap
Aulkiak-2 topaketak antolatu ditu, datozen bi astetarako

  Herrigintza indartzeko ahaleginean, Oñatiko ehun soziala osatzen duten herriko talde, elkarte, kolektibo eta eragileen topaleku izan eta beraien arteko elkarrekintza sustatzea helburu duen egitasmoa abiatu zuen Udalak 2020an. Herri bizia da Oñati, eta berebiziko balioa du elkarte eta eragile ezberdinek herriari egiten dioten ekarpena. Baina ekarpen hori are handiagoa izan liteke herriko eragileek elkar hobeto ezagutuko balute eta elkarren arteko sinergiak aprobetxatzeko bideak jarriko balira. Hori da Udalaren nahia eta horixe da sortu berri duen www.oñatiekintzakomunitarioa.eus plataforma digitalaren helburua ere. Herrian dauden ekimen eta elkarte edo eragileei buruzko informazioa jaso da, mapan kokatuta. Sektoreka edo gaika aurkitu, eta elkarlanerako aukerak ikusarazteko eta analisiak egiteko aukera ere ematen du plataforma berriak. Osatuz joango den euskarria atzo eguerdian aurkeztu zen.

  Aulkiak-2 saioak ere aurkeztu ziren. Herriko elkarte, kolektibo eta eragileei zuzendutako Aulkiak-2 saioak urtarrilaren 17, 18, 24 eta 25ean egingo dira, Euskaldun berria gelan eta 18:00etan hasita. Eragileak arloka bilduko dira eta elkarrekintza aukerak jorratu eta aztertuko dira. Datorren asteko lehen bi saioak eragile sozialei zuzenduta egongo dira: 17an, gizarte mugimenduak, mugimendu feminista, auzo eta bizilagunen parte hartzea, jai-batzordeak eta elikadura/kontsumoarekin zer ikusia dutenak bilduko dira eta 18an, laguntza/gizarte ekintza, bizikidetza/migrazioa, erlijioa/espiritualtasuna, osasuna/ongizatea, dibertsitate funtzionala, garapenerako lankidetza eta merkataritza arlokoak elkartuko dira. 24rako, kultur eta hezkuntza arloko eragileak deitu dira eta 25erako kirol eta ingurumen arloko eragileak.

  Gonbidapenak whats app-ez eta posta elektronikoz helarazi dira eta antolaketa errazteko bide beretik erantzutea eskatzen da. Mezurik jaso ez duten elkarte, kolektibo eta eragileak ere gonbidatzen dira eta partaidetza@onati.eus helbidera idatzita izena ematea eskatzen zaie.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!