Herriko elkarteak berriro irekitzen ari dira, poliki-poliki

2021/06/24
Card image cap
Makalena, herrian azkarren ireki zuen elkarteetako bat
Aforoa erdira mugatuta, sei lagun mahaiko eta eguneko mahai erreserben erregistroaz irekitzen ari dira

  Makalena, Aterpe, Olabarrieta eta Araotzeko elkarteak izan ziren pasa den asteburuan ateak irekitzen lehenak, baina poliki-poliki gainerakoak ere zabaltzen ari dira. Gaur esaterako, Kale zaharrekoa ireki dute eta arratsaldean Zubillagakoa ere zabaltzea aurreikusten da, azken garbitasunak egiten ari ziren goizean. Horixe izan baita elkarte guztietan lehen lana, garbitasun on bat egin eta bodega eta kamerak betetzea, ondo funtzionatzen dutela egiaztatu ondoren. Izan ere, urrian itxi behar izan ziren elkarteak eta hainbeste hilabeteren ondoren, matxurak ohikoak izan dira han eta hemen. Hala gertatu da Arantzazuko Auzoetxean, Aterpen edota Larrain Gain elkartean, esaterako. Baina batzordeko kideak berehala jarri dira arazoak konpontzen, bazkideak txokoetara itzultzeko irrikaz baitaude.

  Elkarte gastronomiko eta soziedadeak pasa den ostegunetik ireki daitezke baina muga eta neurriak hartuta: aforoa erdira murriztuta, mahai arteko gutxieneko distantzia gordeta, lokalaren aireztatzea momentu oro ziurtatuta eta barran edo zutik kontsumitzeko debekuaz. Mahaitan, gehienez, 6 lagun egon ahal izango dira, euren arteko distantzia gordeaz, eta jaten ari ez direnean musukoa jantzita dutelarik. Gainera, erreserbatzen diren mahaien erregistro bat eraman beharko da, Covid kutsatzeren bat badago arrastoa errazago jarraitzeko. Elkarteen ordutegia ere mugatu du Eusko Jaurlaritzak eta 9:00tatik 02:00tara ireki daitezke.

  Asko dira herrian dauden elkarte gastronomikoak eta guztiak ez bada ere, gehienak zabalik izango dira berriro astebururako. Asentzio eta Pago Usok bihar irekiko dituzte ateak eta Kurtzebaltzek eta Gure txokok larunbatean. Bazkideak irrikan zeuden, 8 hilabete luze pasa baitira elkarteak ixteko agindua eman zenetik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!