Oñatiko udala

Herriko bi taxilarik beteko dute auzo-taxi zerbitzua , urte amaierara arte

2022/05/24
Card image cap
Prezioak eta baldintzak eguneratu dira

  Auzo-taxi zerbitzua esleitzeko prozesua abiatu zuen iaz Udalak baina bertan behera utzi zen, gutxienez eskatzen zen hiru taxilariren konpromisoa ez zelako lortu. Geroztik, 2 taxilarik mantendu dute zerbitzua, Jose Luis Rabanetek eta Ana Maria Oruetak, 2020ko kontratuan jasotako baldintzen arabera.

  Inguruetan landa eremuetan bizi diren herritarren mugikortasuna hobetzeko dauden aukerak aztertu dira eta Gipuzkoako herri gehienetan dirulaguntza programak dituztela ikusi da. Eredu hori Oñatin ere aplikagarria litzatekeela ondorioztatu dute udal teknikariek baina ez berehalakoan. Herrira egokitutako dirulaguntza programa lantzen ari dira, datorren urtera begira eta bitartean, auzo-taxi zerbitzuari eustea erabaki da, baldintzak eguneratuta.

  Landa-auzoetan bizi diren herritarrei zuzentzen zaie auzo-taxia, beti ere, autobus geltoki batetik 350 metro baino urrinago bizi badira. Garraio zerbitzu berezi honetaz baliatu ahal izateko txartela eskatu behar da udaletxean eta txartel horren jabeak 3 euro ordaintzen ditu bidaiako. Udalak zerbitzuaren kostua osatzen du, beste 18 euro ordainduta, baldin eta bidaia Arantzazu, Araotz edo Urrexolara eginez gero, eta 12 euro ordainduta, hiri inguruko gainontzeko auzotara eginez gero. Tarifa horiek AGITAX elkarteak, Gipuzkoako taxisten elkarteak, 2022rako proposatutako tarifen arabera kalkulatu da. Zerbitzua urte osoan eman behar da, abuztuan izan ezik, eta astelehenetik ostiralera, 7:30tatik 20:00tara eta larunbatetan, 9:00tatik 14:00tara. Zerbitzua bermatzeko aldez aurretik, eta gutxienik 24 orduko tartearekin, egin behar da bidaia erreserba, telefonoz deituta.

  Auzo-taxi zerbitzua ematen jarraitzeko esleipen prozesura herriko bi taxi gidari aurkeztu dira eta haiekin izenpetuko du Udalak abenduaren 31ra arteko zerbitzu kontratua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!