Oñatiko udala

Herriko basoez egindako lanketa aurkeztu diete ikasleek udal ordezkariei

2022/05/11
Card image cap
Errekak garbitzen diren bezala basoak garbitzeko ekintzak sortzea eskatu dute, besteak beste

  Basoa izan da Eskola agenda 2030aren baitan herriko ikasleek aurten landu duten gaia. 3 eta 18 urte arteko ikasleak aritu dira, bakoitzaren adin eta ezagutza mailaren arabera herriko baso eta zuhaiztiak aztertzen. Ikasturtean egindako lanaren berri eman diete gaur udal ordezkariei, alkatea eta ingurumena arloko zinegotzi eta teknikariari. Hainbat proposamen konkretu egin dizkiete eta, aldi berean, hartu dituzten konpromisoak azaldu dizkiete.

  Udaletxeak lurrak erosi eta zuhaitz gehiago landatu eta, bereziki, arriskuan dauden animaliak babestea; berdeguneetan lore gehiago landatu erleei laguntzeko; landare inbaditzaileak kendu eta gehiago ez landatzea; errekak garbitu eta batutako hondakinak modu egokian birziklatzea; erreken antzera basoak garbitzeko ekintzak sortzea; putzuak sortu animalia eta landare ezberdinentzat; baso gutxiago moztea; basoen zainketa sustatu eta horien garrantzia transmititzea, internet bidez; herriko erdigunean zaborrontzi handiagoak jartzea izan dira ikasleek udalari egindako proposamenetako batzuk. Baina basoak eta hauen inguruan sortzen den biodibertsitatea zaintzeko konpromisoak ere hartu eta aurkeztu dituzte. Hitzez agertutakoa laburpen txosten batean jasoko dute udal ordezkariek. Hauek, aldi berean, hainbat azalpen eman dizkiete pleno aretora hurbildu diren 80ren bat ikasleri.

  Urgain-Errekalde, Elkar Hezi, Txantxiku ikastola eta Oñati institutuko 10 ikasle izan dira herriko ikasle komunitate zabalaren bozeramale goizean udaletxeko areto nagusian egin den udal foroan. Amaieran, talde argazkia atera dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!