Herriko auzokonpost guneen erabilera hobetzeko helburuz bilerak egingo dira erabiltzaileekin
Eta jakinarazpenak gaur bertan bidali dira udaletxetik. Aurrez igorri ziren gutunen zuzenketa dira, esan bezala, astelehenean hastekoak zirelako erabiltzaile eta udal arduradunen arteko bilerak. Baina abendu erdialdera atzeratu dira, hala beharrez.
7 urte dira Oñatin auzokonpost guneak martxan jarri zirela. Tarte honetan konpostatze esperientziak gora beherak izan ditu, bidean zuzentzen saiatu diren akatsak egin dira, konpostatze gailu berriak ere jarri dira eta jarraipen maila ezberdina izan da.
Udal arduradunak kontziente dira zerbitzuari hasieran emandako jarraipen eta baliabideak gutxiagora joan direla baina konpromisoak bere horretan dirau. Hau da, hondakinen kudeaketa jasangarriarekiko eta zero zabor helburuarekiko konpromisoari eusten dio udalak eta erabiltzaileekin partekatu nahi du. Horregatik, konpostatze prozesua hobetzeko udalak landu berri duen proposamena aurkeztu nahi zaie erabiltzaileei eta era berean, eurek dituzten beharrak eta ideiak jaso, hobekuntzak elkarlanean gauzatu ahal izateko.
Une honetan, 185 erabiltzaile dira herriko zonalde ezberdinetan dauden zazpi auzokonpost guneetan. Guztiek, abendura atzeratu diren bilera berrietarako deialdia jasoko dute datozen orduetan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!