Herriko artzainen gazta lehiaketa eta dastaketa egingo da urriaren 2an

2021/09/16
Card image cap
Parte hartzeko izena Nekazarien elkartean eman behar da, irailaren 26a bitartean

  Herri egunean egin ohi den gazta lehiaketa moldatu egin du Nekazarien elkarteak eta lehiaketa-dastaketa bihurtu du eta Herritarren saria ere emango da. Herri eguna beharko lukeen urriaren 2an egingo da, plaza ondoan muntatuko den karpan. Gainera, hala nahi duten artzainek gazta saldu ere egin ahal izango dute, propio jarriko diren mahaitan.

  Osasun egoera bereziak eragindako murrizketa eta arauetara egokitu du Nekazarien elkarteak Herri eguneko gazta lehiaketa. Aurkezten diren gaztak epaimahaiak dastatzen dituen bitartean, herritarrek ere dastatu ahal izango dituzte, hartarako jarriko diren mahaitan eserita. Eta epaimahaiak emango dituen hiru sariez gain, Herritarren saria ere izango da aurten. 150 euro eramango ditu sari nagusia eskuratzen duen gaztaren egileak, 100 euro bigarrenak eta 60 euro hirugarrenak. Herritarren sari berezia berriz, 100 eurokoa izango da.

  Zabalik dago gazta lehiaketan parte hartzeko izen-ematea. Antolatzaileek bereziki azpimarratu dute artzainak herrikoa eta gaztak norberak egindakoa izan beharko duela. Pisuari dagokionean, gutxienez, 800 gramotako gaztak aurkeztu beharko dira. Gaztak egunean bertan plaza ondoko karpara eraman beharko dira, 9:00tarako, baina izena aurrez eman behar da Nekazarien elkartean. Izena emateko epea irailaren 26an amaituko da eta gazta saldu nahi duen artzainak hala adierazi beharko du lehiaketarako izena ematen duenean. Gazta saltzeko mahaiak karpa kanpoaldean muntatuko dira. Herriko artzainen gazta lehiaketa eta dastaketa honetan parte hartzen duten guztiek dieta bat jasoko dute.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!