Herriko 9 elkarteren artean banatuko da "Elkarri Lagunduz" proiektuan sortutako funts soziala
Txantxi tokiko moneta zirkulazioan jarri zuen egitasmoa da Elkarri lagunduz. Txantxiek zuten iraungitze data pasata eguneratzearen ondorioz % 3aren murrizketa aplikatzen zitzaion dendariari eta poliki-poliki, 4697 euroko gizarte funtsa pilatu zen. Ia hiru urteren ostean, ekainean, Txantxiak erretiratu zirenean, proiektua ixteko, sortutako funtsa banatzea geratu zen. Egitasmoaren araudian ezarritakoaren arabera, diru fondo hori herrian ekimen solidarioak garatzera edota tokiko merkataritza sustatzera bideratuko zen.
Erabakitzeko prozesuari hasiera eman zitzaion proiektura atxikita egondako establezimenduei proposamenak egiteko eskatuz. Hartarako epean ordea, ez zen hautagairik proposatu eta erabakia mahai teknikoak hartu berri du. Gizarte zerbitzuen arloan diharduten herriko elkarteak saritzea erabaki du, eta horretarako, aurten udalaren diru laguntza eskuratu duten elkarteak hartu dira kontutan. 9 elkarte dira guztira: Atzegi, Gipuzkoako adimen urritasuna duten pertsonen aldeko elkarteko Oñatiko Txolartea; Elkarzabal integrazio taldea; Emaloña, Oñatiko alargunen elkartea; Nagusilan-Pake Leku, adin nagusikoen giza boluntariotza; Espetxe Pastoraltza taldea; Trauti elkartea; Behar Zana elkartea; Acesma - Gipuzkoako Elikagai Bankua eta Hospitalidad de Lourdes taldea. Bakoitzak 522 euro jasoko ditu funts soziala likidatuz. Diru laguntza honekin aipatu elkarteek herrian martxan dituzten proiektu eta programak garatzen jarraitu dezaten lagundu nahi da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!