HERRIJORRAN webgune berria martxan da jada.
Herrijorran, gobernagarritasun berri bat bilatu nahian udalak abiatutako proiektua da.
Udal gobernuak, ezinbestekotzat jotzen du gai publikoetan herritarren esku hartzea. Estrategia horren parte da Herrijorran proiektua.
Gizarte-erronkak gero eta konplexuagoak dira aldaketa handiko gizarte honetan. Horrek, kudeaketa-modu berriak eta esku hartzen duten eragileen eginkizun berriak eskatzen ditu.
Herritarren eta tokiko gobernuaren arteko harremanak hobetze aldera sortu da HERRIJORRAN webgunea. Herritarrak, informazio garden eta handiagoa izan dezan, iritziak eman eta parte hartzeko aukera handituz. Izan ere, herritarrek politika kudeatzeko orduan partaidetza zabalagoa edukitzea baita egitasmoaren helburua. Horretarako, webgune berria, udal gobernua eta herritarren arteko koordinazio gune bihurtu nahi da.
www.herrijorran.info da webgune berria.
Bertan, hasierako orriaz gain, agenda, sailak, foroa, herrijorran eta iradokizunetarako atalak topatuko ditugu. Horrezaz gain, erabiltzaile egiteko atala ere egokitu da.
Sailetan, udaleko batzorde informatiboen zerrenda topatuko dugu eta une honetan, bakoitzak proposatzen duen eztabaida edo gaia. Hara nola, kiroletan, Oñatin bukatuko den Euskal herriko txirrindulari itzulirako bolondresak eskatzen dira. Gaztedian, gaztelekuari eman beharreko erabilpenaren inguruan ireki den eztabaida prozesuaren berri ematen da. Sozioekonomian, urtarrila akaberan erregistratu zen langabezia tasa kezkagarriaren inguruko irakurketa egiten da eta hirigintza eta zerbitzuak arloan, astean martxan jarri berri den bizikleta foroa aipatzen da.
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!