Oñatiko udala

Herribusaren kontratu berria astelehenean sartuko da indarrean, herriguneko eta Arantzazuko zerbitzuak bat eginez

2018/09/12
Card image cap
Herribusa doan izango da datorren aste osoan, Mugikortasun Astearen baitan

  Leintz Garraioak enpresak enpresak eskuratu du autobusez bidaiarien hiri garraioko zerbitzu publikoaren kudeaketa kontratua. Herribusaren eta domekako Arantzazuko zerbitzuak bateratzen dituen kontratua da eta zortzi urteko iraupena izango du. Kontratua astelehenean sartuko da indarrean, Mugikortasun astearekin bat eginez. Horregatik, zerbitzua doan izango da aste osoan zehar.

  Irailaren 24tik aurrera, zerbitzuak tarifa berriak izango ditu: 5 urte bitartekoek doan eskuratuko dute txartela, 5-18 urtekoek gazte tarifa izango dute, 40 zentimo bidaiako, eta 18 urtetik gorakoek euro bat ordaindu beharko dute bidaiako. 10 bidaiako bonoa erosita % 50eko hobari edo bonifikazioa izango dute guztiek. Tarifa berriek Arantzazuko zerbitzuari ere eragingo diote. Orain arte 70 zentimotan eskuratzen zen txartela, 40 zentimo edo euro batean izango da bidaiariaren adinaren arabera, edo prezio erdian, 10 bidaiako bonoa eraman ezkero. Herriguneko eta Arantzazuko autobusetan bono berbera erabilgarri izango baita. Arantzazuko domeka eta jai egunetako autobusa, bidean dauden jatetxe inguruetan geratuko da, aurrez hala eskatuz gero. Datorren domekan ere, hilaren 23an, Arantzazuko autobusa doan izango da.

  Leintz Garraioak enpresak ibilgailu berria ekarriko du zerbitzua eskaintzeko, wi-fi sistemaz hornituta egongo da. Eta egun erabiltzen den autobusa, badaezpada, erreserba moduan gordeko da.

  5 urtetik beherako haurrek doan izango dute herriko autobus zerbitzuko bidaia txartela, baina beti ere, heldu batek lagunduta joan beharko dute eta pertsona nagusi horrek, gehienez, lau haur eraman ahal izango ditu bere kargura. Kontu guzti horiek ekaina bukaeran behin betikoz onartu zen Herriko autobus zerbitzua arautuko duen udal ordenantzan zehazten dira.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!