Oñatiko udala

Herribusa Mugi sisteman integratuko da

2021/05/05
Card image cap
Udala Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza Partzuergoan sartzea onartu zen otsaileko Osoko Bilkuran

  Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren estatutuak hasierako izaeraz onartu ziren otsaileko plenoan eta apirilaren 23ra arte jende agirian egon ziren, alegazioak aurkezteko. Inork ez zuen halakorik presentatu eta ondorioz, automatikoki, behin betiko izaeraz onartu ziren estatutuak eta Oñatiko udala Partzuergoan sartzea. Oñatiko udalak 2.200 euroko ekarpena egingo dio Partzuergoari eta  % 0,223ko ordezkaritza izango du batzar nagusian. Era berean, Izaro Elorza izango da udaleko ordezkaria.

  Mugi sisteman integratzeko aukera aspalditik zuten udal arduradunek buruan. Herribusaren zerbitzu esleipena egin zenean jada ibilgailuen ordaintzeko sistema MUGIrekin bateragarria izatea aurreikusi zen, eta teknikoki hala prestatu ziren.

  Herri barruko nahiz Arantzazuko jaiegunetako zerbitzua betetzen duen Herribusa Mugi sisteman sartuta, txartelak eskaintzen duen tarifa progresiboaz baliatzeko aukera emango zaie bidaiariei. Baina aurrez, egungo txartelen prezioa errebisatu beharko da eta Garraioaren Lurralde Agintaritzak dituen tarifetara egokitu. Partzuergoak hiru tramu aurreikusten ditu eta merkeena 1,35 euro bidaiako da. Mugi sisteman integratzeak hainbat abantaila ere ekarriko dizkio udalari, zerbitzuaren txosten teknikoak osatu eta zerbitzuaren kontrola eramanez, eta Oñatiko Herribusa beste garraio publikoekin koordinatzea erraztuz. 

  Tolosako udalak ere Mugi sisteman sartzea eskatu du. Oñati eta Tolosaren integrazioa datozen hilabeteetan gauzatuko da. Aurretik jada, Donostia, Irun, Errenteria, Eibar, Zarautz, Arrasate, Hernani, Lasarte-Oria edota Oiartzungo udalak eta beraien garraio zerbitzu publikoak Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintzaritzako bazkide dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!