Herriarteko bertsolari txapelketatik kanpo gelditu da Txinparta 1 taldea

Herriarteko bertsolari txapelketako bigarren fasea atzo amaitu zen eta oñatiarrentzat ere atzo bukatu zen txapelketa. Araozko saloian Txinparta 1 eta Karidadeko Benta taldeak neurtu ziren eta saio parekatua izan bazen ere, Asteasu-Zizurkildarrak hobeto aritu ziren hainbat lanetan eta horrek abantaila eman zien puntuazioan. Aipatu behar da gainera, Ereñotzuko taldearekin batera osatzen zuten multzoan Karidadeko Bentak egin duela finalaurrekoetarako saltoa.
Oñatiko bi taldek parte hartu dute Gipuzkoako herriarteko bertsolari txapelketan eta bitxikeria moduan esan, biek Karidadeko Benta taldea izan dutela multzoan, Txinparta 2k lehenengo fasean eta Txinparta 1ek bigarrenean. Bietan nagusi izan da Asteasu-Zizurkilgo taldea, aipatu bezala.
Atzoko saioekin amaitu da erriarteko txapelketako bigarren fasea eta hirugarrena, Aste Santuko etenaren ondoren jokatuko da. Bi finalaurreko izango dira, maiatzaren 6an Alegian eta 13an Bergaran eta bakoitzean bi talde arituko dira lanean. Alegiako saioan, Karidadeko Benta taldeak parte hartuko du. Finala berriz, maiatzaren 27an Azpeitian jokatuko da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!