Herrian batutako 10.000 euro baino gehiago Lesbosera bidali ditu Hotz Oñati taldeak

Hotz Oñati taldeak dirua eskatu zuen zuzenean, larrialdiaren aurrean erantzun azkarra eman ahal izateko. Lesbos inguruan lanean diharduten Gobernu Kanpoko Erakundeek baliabide ekonomiko arina behar zuten eta hala ulertu zuten bai Hotz Oñati taldekoek baita oñatiarrek ere, laguntza eskatu eta herritarren ekarpenak berehalakoan iritsi baitziren. Ez nolanahikoak gainera, guztira, 10.000 euro pasa batzea lortu baitu elkartasun taldeak. Lesbosen lanean diharduten bost GKEren artean banatu da Oñatin batutako dirulaguntza.
Hasieran jaso zen dirua hiru erakundetara bidali zen eta berriki, bigarren bidalketa egin da. Zaporeak elkartea izan da oñatiarren dirulaguntza jaso duenetako bat, besteak, Hotz Oñatirekin lehendik harremana zuten Holes in the Bordes, Kairoz, Pikpa proiektua burutzen duen Lesvos Solidarity eta No Border Kitchen erakundeak dira.
Herritarren ekarpen handiena deialdia egin eta lehenengo egunetan jaso bazen ere, azken asteetan, tantaka izan bada ere, laguntza jasotzen jarraitu dutela adierazi digu Hotz Oñati taldeko ordezkari batek. Dena den, iraila erdialdean zabaldu zuten kontu korrontea dagoeneko itxi dutela zehaztu digu.
Irailaren 8an Moriako kanpalekua guztiz kiskalita geratu zen eta bertan aterpe hartzen zuten 12.000 errefuxiatuak inolako babesik gabe geratu ziren, kale gorrian. Egoerak guztiz gainditu zituen lehendik ere bertan lanean ziharduten Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta haiei laguntzeko diru bilketa bereziari ekin zion Hotz Oñati taldeak. 10.000 euro pasa batu dira eta Lesbosera bidali dira jada. Hotz Oñati taldeak sare sozialen bidez eskertu du herritarren eskuzabaltasuna.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!