Herri proiektua osatzeko prozesu berria abiatu du EH Bilduk

2022/05/16
Card image cap
Herritarrak gonbidatzen dira datozen hilabeteetan gauzatuko den dinamika irekian parte hartzera

  Orain lau urte abiatutako Harittu prozesuaren dinamikari jarraipena emango dio EH Bilduk, arloz arlo herriko eremu ezberdinetan lanean diharduten pertsonen ekarpenak jaso eta koalizioaren jarduna gidatuko duen herri proiektua eraikitzeko helburuz. Hala jakinarazi zen larunbatean, herri batzarraren ondoren egin zen prentsa agerraldian.

  Orain arte egindako lanaren balantzea eta balorazioa egingo da eta, egoeraren diagnostikoa eskutan, etorkizuneko erronka nagusiak identifikatu eta beharrizan horiei erantzuteko proiektua osatuko da. Bide batez, udal hauteskundeei erantzuteko herri programa eta hautagai zerrenda ere aterako da prozesu honetatik. Baina argi utzi nahi da herritarrekin batera gauzatu asmo den dinamika ireki hau ez dela hauteskunde ziklora mugatzen.

  Zortzi arlo zehaztu ditu EH Bilduk, eta bakoitza jorratzeko lan taldeak osatu nahi ditu, ahalik eta herritar gehien elkartuz. Arloak: politika sozialak, sozioekonomia, lurralde antolaketa, kirola, kultura eta euskara, hezkuntza, gazteria eta berdintasuna dira. Arlo bakoitzaz arduratuko diren kideak izendatu dira, koordinazioaz eta komunikazioaz arduratuko direnekin batera.

  Larunbat goizean egin zen herri batzarraz ekin dio EH Bilduk herri proiektua osatzeko prozesuari eta laster hasiko dira arloz arloko bilerak, interesa duten herritarrekin batera. Parte hartzera eta ekarpenak egitera animatu nahi dira herritar guztiak. EH Bilduk Euskal Herriko agertoki politikoan 11 urte daramatzala gogoratu zen larunbateko agerraldian, 11 urte Oñati herri aurrerakoiagoa, parekideagoa, jasangarriagoa eta biziagoa egiten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!