Herri Onurako Mendietan larreratzeak eta artzain-txabolen erabilera arautzeko ordenantzaren tramitazioari ekin dio Udalak

2021/10/14
Card image cap
(Arg: http://jmrdaa.blogspot.com)
Ekarpenak egiteko epea urriaren 27an amaituko da

  Aloñako Herri Onurako Mendietan larreratzeak arautzeko udal ordenantza 2001eko maiatzean onartu zen. Dokumentuan larreratzeak baimentzeko baldintzak eta prozedura zehazten zen, ez ordea, artzain txabolen erabilera. Orain arte, eskaerak jaso ahala, txabolak artzainen esku utzi ditu Udalak, beti ere, gutxieneko artaldea izateko baldintzapean. Baina administrazio publikoen ondare legearen arabera, ondasunen eta eskubideen ustiaketa lehiaketa bidez esleitu beharra dago. Beraz, beharrezkoa da txabolen erabilera eta lagapena arautzea.

  Egungo ordenantza gaurkotu eta osatu zitekeen baina modu integralean egokitzea erabaki da, herritarrei prozeduran parte hartzeko aukera emanez. Artzain-txabolen erabilera eta lagapena indarrean dagoen araudira egokitu eta Herri Onurako Mendietako larreetan artzaintza sustatu eta babesteko ordenantza berria osatzea erabaki da.

  Ordenantzaren tramitazioari dagokion aurretiazko kontsulta ireki da, ekarpenetarako 15 lanegun finkatuz. Epea urriaren 27an amaituko da. Bitartean, ekarpenak egin nahi dituzten herritarrek, dagokien formulario edo orria bete ahal izango dute udaletxeko HAZ bulegoan edo udal webgunean.

  Zabalik den kontsulta publikoaren helburua da herritarren iritzia ezagutzea bai ordenantzaren bitartez konpondu nahi diren arazoen inguruan, arauaren egokitasun eta helburuez, edota jarraitu litezkeen beste aukera erregulatzaile batzuen inguruan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!