Hermansoloñak ireki du Kale Zaharreko lokala, baina ordutegi murriztuarekin
Poliki poliki ohiko jarduna berreskuratzeari ekin dio Hermansoloña taldeak, eta hasi dira Kale Zaharreko lokala zabaltzen, baina ordutegi murriztuarekin: goizez 11:00-12:00 eta arratsaldez 18:00-19:00. Kanpoaldeko edukiontzi zuriak oraingoz itxita jarraituko du.
Hermansoloñako lokalean eguneroko jarduna berrantolatu egin dute eta jasotzen ari diren arropa, oinetako eta materiala ere, beste era batera helaraziko diete beharra duten kolektibo ezberdinei. Hala, Larrañako egoitzara arropa eta oinetako sorta handi bat eraman dute, bertara datozen errefuxiatuen beharrei berehalakoan erantzun ahal izateko. Premiazko biltegi bat prestatzeko egitasmoa eskuartean zerabilten aspalditik, eta egoerak hala behartuta, Larrañako biltegi hori dagoeneko gauzatu dela esan genezake. Gerora, eta unean unean sortzen diren behar puntualei erantzuteko, eta biltegian materiala husten doan heinean, material berriarekin betetzen jarraituko dutela jakinarazi dute Hermansoloñako ordezkariek.
Caritasekin ere elkarlanean aritzen da Hermansoloña. Une honetan zerbitzua berriro martxan jartzearen zain daude. Eta bitartean, beste arropa sorta batzuk prestatzen ari dira Hotz-Oñatirekin elkarlanean, Grezian dauden errefuxiatuei bidaltzeko, Attika proiektuaren baitan.
Hermansoloña taldeak Kale Zaharreko 52an duen lokala irekitzen hasi da berriro, baina ohikoa baino ordutegi murritzagoan, 11:00tatik 12:00tara eta 18:00tatik 19:00tara.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!