Oñatiko udala

Hermansoloñak Argentinarako prestatu duen 34. edukiontzia Bilboko portuan dago jada

2015/09/10
Card image cap
Argentinako agintariek etengabe jartzen dituzten trabak ikusita, elkartasun taldeak bidaliko duen azken aurreko kontainerra da

  Asteartean eraman zuten taldearen lokalean prestatutako materiala ULMAko instalazioetara, edukiontzian sartu eta fumigatzeko. 

  Kasik 20.000 kilo material bidaliko da. Gehiena, ohikoa denez, arropa, oinetakoak, liburuak, jostailuak eta pinturak dira. Lehen, botikak eta lan tresna industrial batzuk ere bidali izan dira baina aduanan geldiarazi eta arazoak sortzen zituztela ikusita, erretiratzen joan dira. Izan ere, Argentinako agintariek geroz eta traba gehiago jartzen baitizkiete kanpoko bidalketei. Materiala salgai gisa ikusten dute, barne produktuekiko konpetentzia moduan eta behin baino gehiagotan azaldu arren, ez dute bidalketen helburu solidarioa onartzen.

  Egoera ikusita, elkartasun bidalketekin amaitzea erabaki zuen Hermansoloña G.K.E.ak urteko batzar nagusian. Ordurako zuen materiala bidaltzeko bidea egingo da baina ez da material berririk jasoko Argentinarako. Astelehenean itsasoratuko den edukiontzia 34.a da eta azkena, datorren urteko lehen hiruhilabetekoan bidaltzea aurre ikusten dute.

  Argentinarako materiala jasotzen ez duten arren, Bidebarrieta kaleko lokalean arropa, oinetako eta bestelakoak hartzen jarraitzen dute. Hermansoloñak Caritas eta beste elkarte batzuekin elkarlanean jarraitzen du. Hala, astero, Oñatiko Caritasi berehalako beharretarako materiala ematen zaio eta hilean behin, Arrasatera arropa eta oinetakoz betetako furgoneta joaten da.

  Materiala beraz, jasotzen jarraitzen dute. Horretarako, Bidebarrietako lokalean, astelehenetik ostegunera 18.30etatik 19.30tara izaten dira eta lokal aurrealdeko edukiontzi zuria ere zabalik dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!