Oñatiko udala

Hemen garbiketak enpresari esleitu zaio kiroldegia garbitzeko zerbitzua

2021/12/14
Card image cap
Ostiralean sinatuko da kontratua eta urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean

  Hemen garbiketak SLU enpresa bakarrik aurkeztu zen udalak zabaldu zuen kontratazio prozesura eta eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela egiaztatu ondoren, Zubikoa kiroldegiko garbiketa zerbitzua Eskoriatzako enpresari esleitzea erabaki da Alkate dekretu bidez. Ostiralean, abenduak 17, sinatuko da urtebeterako kontratua eta urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.

  Kiroldegiko bulego, kantxa, igerileku, aldagela eta gainerako instalazioetan egin beharreko lanak zerrendatu zituen udalak, besteak beste, garbiketa maiztasuna zehaztuta. Hori ordutara eraman eta lan orduaren prezioa 22,12 eurotan finkatu zen, urteko kontratuaren esleipen aurrekontua 198.257 euro (+BEZ) izanik. Enpresak aurrekontu hori hobetu egin du lan orduaren prezioa 2 xentimo merkatuz eta urteko aurrekontua 198.000 eurotan (+BEZ) zehaztuta. Gainera, 10 orduko 8 pakete ere sartu ditu bere eskaintzan. Egun kiroldegia garbitzen diharduten zortzi langileak subrogazioz hartuko ditu eta udalak kontratatuta diharduen 9. langilea ere plangintzan integratuko du enpresa berriak.

  Ostiralean sinatuko den kontratua urte berria hastearekin sartuko da indarrean. Udala eta Hemen Garbiketak enpresak urtebeteko kontratua sinatuko dute baina bi aldeak ados egonez gero urtez urte, beste hiru alditan, luzatu ahal izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!