Oñatiko udala

HAZILAN proiektuan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago urriaren 14ra arte

2022/10/06
Card image cap
Aurreko bi alditako partaideen %90ak lana topatu du

  Hazilan programak gazte kualifikatuen laneratzea erraztea du helburu eta azken bi ediziotan 10 kasuetatik 9tan lortu du. Hori da Debagoieneko Mankomunitateak azpimarratu duen datua, programaren 13. aldia iragartzearekin batera.

  Proiektuaren 13. edizioa azaroaren 4an hasiko da eta aurrez bete beharreko izen-ematea azken egunetan dago jada, eskabide orriak urriaren 14rako bete behar baitira. Gero, urriaren 17tik 28ra bitartean aukeraketa prozesua burutuko da. HAZILAN programan parte hartzeko izen-ematea Debagoienako Mankomunitateko web atariaren bidez edota Arrasateko egoitzatik pasata egin liteke.

  HAZILAN unibertsitate ikasketak edo goi mailako heziketa zikloa duten, baina ikasitako esparruan lan esperientzia txikia edo batere ez duten, 20 eta 44 urte bitarteko debagoiendarrei zuzenduta dago. Langabezian egotea ez da ezinbesteko baldintza, baina langabeek lehentasuna izango dute. Helburua, kualifikatutako pertsona hauen laneratzea erraztea da, beti ere, formatutako esparru horiekin harremana duten enpresa eta proiektutan. Programak bi fase ditu: zeharkako konpetentzietan prestakuntza eta praktikak eskualdeko enpresetan. Partaideen gaitasunak identifikatu eta indartzen laguntzeko tailer teoriko-praktikoak 80 orduko iraupena du eta ondoren, lan esperientzia hartu eta enplegurako sarbidea errazteko praktikak egingo dira Debagoieneko enpresaren batean.

  Hazilan egitasmoa urtean birritan gauzatzen du Debagoieneko Mankomunitateak, Garapen elkarteak koordinatuta eta Europako Gizarte Funtsak %50ean finantzatuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!