Hassana Aalia sahararrari sostengua eta elkartasuna adierazi eta bere asilo eskaera berriz aztertzea eskatzen duen mozioa aho batez onartu zen pasa den asteko Osoko Bilkuran.
5 puntuko mozio idatzia da Hassana Aalia gazte sahararrari babes politikoa ukatzearen inguruan udalbatza osatzen duten bi alderdiek aurkeztu eta aho batez onartu zutena.
Gazteak, Gdeim Izik kanpamentuko protesta baketsuan parte hartu zuela eta gertaera horiengatik epaitua eta kartzelaratua izan zela dio idatziak. 2011an ikasketa beka bati esker Bilbora bidaiatu zuela eta Euskal Herrian zegoen bitartean, Gdeim Izikeko gertaerengatik, auzitegi mitilar batek berriro epaitu zuela zehazten da. Bigarren epaiketa honetan, biziarteko zigorra ezarri zioten.
Orduan, babes eskaera egin zuen baina urtarrilaren 19an ukatu egin diotela jakinarazi zioten eta lurralde espainiarra uzteko 15 eguneko epea eman zioten. Gaur betetzen da epe hori.
Oñatiko udalbatzak aho batez onartutako mozioan, Hassana Aaliari sostengua eta elkartasuna adierazi eta Espainiako Barne Ministroari bere asilo eskaera berriz aztertzeko eskatzeaz gain Marokoko Gobernuari Mendebaldeko Saharan sortu duen errepresio egoerari amaiera ematea eta Saharako preso politiko guztiak aske uztea eskatzen zaio.
Mendebaldeko Saharan Nazio Batuen Erakundeak adostutako autodeterminazio erreferenduma egitea eskatzen du, horixe jotzen baita konflikto luze hau modu iraunkor, baketsu eta egonkorrean konpontzeko modu bakartzat.
Mozioa idatzia, Espainiako gobernuari eta hainbat ministrori ez ezik, Marokok Espainian duen enbaxadoreari eta Nazio Batuak eta Europar kontseilu eta parlamentuko ordezkariei bidaltzea erabaki zen.
Honen haritik esan, herritar talde batek Aalia babestuz elkarretaratzea deitu duela biharko plazan. Hassana libre, asilo politikoa orain! lemapean kontzentrazioa egingo da bihar arratsaldeko 7etan Foruen Enparantzan.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!