Oñatiko udala

Hasi dira San Lorentzon bidegorri zatia eta irisgarritasuna hobetzeko lanak egiten

2017/04/26
Card image cap
Bost hilabeteko epean amaitzea aurre ikusten da

  Berriena Ugarkalde eta San Lorentzo arteko bidegorria eraikitzeko lanen hasiera da. Eremua mugatu ondoren gaur bertan hasi baitira zulatze lanetan. Bidegorri zati honek egun Olapoton eta Maiztegiko etxeen parean amaitzen diren bidegorriak elkarrekin lotuko ditu, herriko bidegorri sarea osatuz.

  400 metroko luzera izango du bidegorri zati berriak eta GI-2630 errepide nagusiarekiko paralelo joango da San Lorentzo aldetik. San Lorentzo 1 eta 2 zenbakidun etxe blokeen parean bidegorriak aparkalekuen eremua hartuko du eta bertan galtzen diren aparkalekuak errepidearen bestaldean egokituko dira. Farmazia pareko zerbra-bidetik aurrera berriz, bidegorria espaloitik joango da. Autobus geltokiaren atzetik egokituko da eta bien artean segurtasun tartea uzteko espaloia zabaldu egingo da errepide aldera. Espaloia egoera onean dagoen guneetan seinalizazio horizontal eta bertikalez egokituko da bidegorria. Eta espaloia egoera txarrean dagoen guneetan, Olapoto aldean, bidegorria eratzeaz gain inguruko zoladura ere berrituko da.

  Lehen zulatze lanak, Maiztegiko etxeen aurrealdean hasi dituzte gaur Egaralur enpresako langileek. Lanak bost hilabeteko epean egitea aurre ikusten da, beraz, iraila amaiera urria hasierarako bukatzea espero da. Aste honetan hasi diren lan hauek 198 mila euroko aurrekontua dute, BEZa kanpo.

  Aste Santuko jai egunen aurretik hasi ziren bestalde, San Lorentzoko urbanizazioa berritzeko lanak. Urteetan gauzatzen ari den egitasmo orokorraren baitan, 8. eremua deritzonari dagozkionak egiten ari dira. San Lorentzo 10-14 eta 20-24 zenbakidun eraikinetako etxe blokeen ingurua hartzen du 8. eremu edo area horrek. Auzoko beste hainbat gunetan egin den bezala, oinezkoen ibilbideak, hau da, espaloiak, eskailerak eta zebra-bideak irisgarritasun arauetara egokituko dira. Espaloiak zabalduko dira, oztopo zutoinak jarriko dira ibilgailuak gaizki aparkatzea ekiditeko eta zoladura guztiz berrituko da. Orientazioa errazteko zoladura desberdindua jarriko da gainera, espaloi eta eskaileretan. Eskaileretako mailen neurria egokituko da eta eskudelak jarriko dira. Irisgarritasun lan hauek aprobetxatuko dira euri uren saneamendua berritu eta egun zenbait lekutan bat egiten duten euri ur eta ur zikinak berezituko dira. Ugarte enpresa ari da irisgarritasun neurrietara egokitzeko lan hauek egiten. Bidegorrikoen antzera bost hilabeteko epean egin beharko dira. Aurrekontua berriz, ia 198 mila euro da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!