Oñatiko udala

Hasi dira matrikulak “irakurtzen” dituen kameradun semaforoa jartzeko obra zibila egiten Ramon Irizar kalean

2022/07/20
Card image cap
Motxon kalean ere jarriko da ibilgailuen sarbidea kontrolatzeko sistema

  Ramon Irizar eta Motxon kaleetan ibilgailuak sartzea oztopatzen duten piboteen ordez, matrikulak irakurtzeko kamera duen semaforo bana jarriko da. Horretarako obra zibila egiten hasi dira udal brigadako langileak; Ramon Irizar kalean hasi dira eta Motxon kalera joango dira ondoren.

  Eskuz jarri eta kentzeko pibote sistema urtetan erabili ondoren, hainbat gabezia agerian geratu dira. Dagokion azterketa teknikoa egin zen eta egungo oztopo sistema aldatzea erabaki zen. Matrikulak irakurtzeko kamera duen semaforo bana jarriko da, Unibertsitate etorbidean jarri zirenen modukoa. Semaforoak argi gorria piztuta izango du baina baimendutako ibilgailuren bat hurbiltzean, matrikula irakurtzeaz bat berdez argituko da, bidea emanez. Errepidean ez da inolako oztopo fisikorik jarriko baina sarbidea gainditzen duten ibilgailuen erregistroa eramango da eta baimenik ez dutenei isuna jarriko zaie. Helburua, oinezkoen segurtasuna hobetu eta bermatzea da.

  NORTRAFIC enpresari esleitu zitzaizkion Ramon Irizar eta Motxon kaleetako sarbidea kontrolatzeko sistemak eta irailean edo, semaforoak instalatzeko asmoa dago. Aurrez, beharrezkoa den obra zibila egiten ari dira udal brigadako langileak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!