Hasi dira Martzelino Zelaia kaleko irisgarritasun lanak prestatzen

2023/01/30
Card image cap
Kotak errebisatu eta ingurua markatzen aritu dira Morga enpresakoak

  A2B arquitectos enpresak osatu duen proiektuaren arabera Martzelino Zelaia kalean plataforma bakarra eratuko da, oinezkoen eta ibilgailuen guneak kota berean jarrita. Aparkalekuak kenduko dira eta zamalanetarako guneak markatuko dira. Bide batez, kale argiteria ere egokituko da. Irisgarritasun lanok probestuko dira, bestalde, Oñargik, argindar instalazioak eraberritzeko obra zibila egin dezan eta Gipuzkoako Urak, ur hornidura sarea eta ur zikinen saneamendua berritzeko lanak egiteko. Hiru proiektuak deialdi berean jaso ziren eta hala esleitu dira. Udalak ordainduko ditu eta ondoren Gipuzkoako Urak eta Oñargiri fakturatuko die dagokien zatia.

  Morga enpresak egingo ditu lanak, 378.056 eurotan, hau da, Udalak zehaztu zuen lizitazio aurrekontua 19.752 eurotan merkatuta. Aurrekontua jaitsi da baina exekuzio epea 25 astetan mantenduz. Gaur hasten diren irisgarritasun lanok, beraz, uztaila amaierarako bukatze espero da. Morgako langileak kalearen kotak errebisatzen eta ingurua markatzen hasi dira gaur eta astean, aparkalekuak husteko kartelak jarriko dira, zulatze lanetan hasi daitezen.

  Lan kontuak aipatzen ari garenez, esan bestalde, asfaltatze lanek jarraitzen dutela gurean. Gaur, Moiua kalean, musika eskolarako aldapa asfaltatzen aritu dira. Tarteren batean ibilgailuen joan-etorria eten beharra izan dute, baina egia esan, ez da trafiko handiko bidea. Trafikoa txandaka ematen aritu dira berriz, Zubillaga auzorako bidean, Ulma polimero parean, gaur goizean. Eraikinaren teilatuan konponketa lanak egiten ari dira eta ondorioz, errei bat itxi egin dute, segurtasunagatik, trafikoa, libre zegoen erreitik txandaka emanez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!