Hasi dira jada San Lorentzo auzoko ur hornidura sarea hobetzeko lanak.

2013/01/15
Hiru bat hilabetez luzatuko dira eta amaieran, auzoaren goialdeko etxeek duten ur presio arazoa konponduta uztea da helburua.

  San Lorentzo auzoko goialdeko blokeek aspalditik dute ur presio arazoa. Ura indarrik gabe iristen da eta horrek, iturrian ur gutxi izatea edota galdara martxan ezin jarri izana sortzen du besteak beste.

  Presio arazo hori auzoak berak duen desnibelak eragiten du, hein handi batetan. Ura nahikoa indarrez auzoaren goialdera iritsi zedin ponpaketa sistema bat jarri zen Larraña institutuaren inguruan baina aurrez, hodireria aldatzea komeni da. Hau da,ur ponpagailu edo bonba horiek martxan jarri aurretik, hoditeria aldatu behar da, presio gehiago sartuz gero, egun dagoen zuntz zementuzko hoditeria lehertzeko arriskua baitago. Eta horixe da hain zuzen ere, egiten hasi diren lana, hoditeria aldatu.

  Gipuzkoako Urak enpresak San Lorentzoko ur hornidura sarea berritzeko lanak faseka egingo ditu. Datozen hilabeteotan, lehen faseari dagozkionak egingo dira. San Lorentzoko 25etik 67ra zenbakidun etxeei dagokien zatia konponduko da, alegia, auzoa erditik mozten duen errepidetik gora dauden etxe bloke guztiei dagokiena. Inguru hori urez hornitzen duten hodiak aldatuko dira ur ponpagailuek eragindako presioa jasan dezaten. 

  Orain bizpahiru urte, antzerako lanak egin ziren auzoaren behealdean. Orduan, ur hornidura hodiak San Lorentzoko ermita pareraino aldatu ziren. Lanak osatzeko beraz, ermitatik gora, auzoa erdibitzen duen errepide parerainoko hodiak aldatzea faltako da. Hori, hurrengo fase batean egingo du Gipuzkoako urak enpresak. Pasa den ostegunean abian jarri ziren lan hauen helburua, esan bezala, San Lorentzo auzoko goialdeko etxeek historikoki izan duten ur presio falta konpontzea da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!