Hasi dira jada San Juan kaleko ur hoditeria aldatzeko lanak.

2013/04/23
Kalea, irisgarritasun neurrietara egokitzeko obren aurrekoak dira. Ostegunean, ur mozketa izango da.

  Gipuzkoako urak enpresa ari da San Juan kaleko ur hornidura sarea berritzen.

  Atzo jada, hoditeriaren norabidea ezagutzeko katak egiten hasi ziren kalearen barrenean, Parrokia aldamenean. Baina beste bi lekutan ere egingo dira: lurrazpiko aparkaleku sarreraren parean eta goiko errotonda parean. Hodia lokalizatuta, hau aldatzeko lanak hasiko dira eta kalea goitik behera zulatu beharko da. Hartarako zanga,  behealdean zabalduko da lehenik aparkaleku sarreraraino. Ondorioz, bide tarte hori trafikorako bi astez edo itxiko da. Gaur-bihar hasiko dira errepidea zulatzen.

  Ur hoditeria aldatzeko lanen bigarren fasean, errepideko zuloa errotonda pareraino irekiko da. Ahal dela, errepide zati bat zabalik mantenduko da aparkalekurako sarrera-irteera libre uzteko.
San Juan kaleko ur hoditeria aldatzeko lanak egiten diren bitartean, ur mozketak izango dira. Lehena, dagoeneko programatu da. Ostegun goizean, 8.30tatik 12.30etara ez da urik izango San Juan kalean eta Foruen Enparantzako 3 eta 5 zenbakidun bebarruetan.

  Ur hornidura sarea berritzeko lanak eginda, San Juan kalea irisgarritasun neurrietara egokitzen hasiko dira. Oraingoan, anbulatorio ondoko errotondatik Parrokia aurrealdera bitarteko tartea egokituko da.

  Laburrean esateko, kale osoa plataforma bakar bihurtuko da espaloiak eta galtzada maila berean jarriz. Era berean, oinezkoentzat arriskutsu diren desnibelak eta garaje sarrerak egokituko dira eta erreka aldera joateko ibilbideen maldak leunduko dira. Bestelako oztopo arkitektonikoak ere kenduko dira.

  San Juan kalea irisgarritasun neurrietara egokitzeko lanak, faseka eta behetik gora egingo dira. Lanak egiten ari ez diren guneetarako pasabidea libre uzteko ahalegina egingo da.

  Zubikoako lurrazpiko aparkalekua jende askok erabiltzen du, bereziki, ikastolara haurra utzi edo hartzera doazen askok. Horretxegatik, eta beti ere ahal den neurrian, aparkalekurako sarrera-irteera egokitzeko lanak, eskola oporretan eta asteburu aldera egiten ahaleginduko dira, erabiltzaileei ahalik eta traba gutxien sortzeko.

  Aste honetan hasi diren lan hauek, trafikoan hainbat ondorio izango dituzte: Zapatuko azokara datozen kamioi eta furgonetak Ikastola eta azoka-eraikinaren arteko bidetik sartuko dira pilotalekura, hiletetarako autoak, Ikastola eta Udaltzaingo-eraikinaren arteko bidetik sartuko dira Gazteleku aurrealdera eta Korpusetan etorriko diren barrakak, Txaketuaneko bidegurutzetik sartuko dira plazara eta aparkaleku zaharrera. Udaltzaingoan, guztia planifikatuta dute.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!