Hasi dira Goribarko biribilgunea egiteko lanak

2023/03/27
Card image cap
Abiadura moteltzeko seinaleak jarri ziren pasa den astean eta traba izan daitezkeen landara eta adarrak kentzen hasi dira gaur

  ORSA enpresako langileak Oñatin dira jada GI-2630 errepidean, Goribarko biribilgunea izango dena egiteko lanetan. Pasa den astearen hondarrean abiadura moteltzeko seinaleak jarri ziren inguruan eta gaur berriz, arboletako adarrak mozten hasi dira errepide bazterreko santutxuaren inguruan. Bidegurutzean sarrera-irteera erreiak berezitzen zituen lorategia ere kendu da. Aldi berean, Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuak ohar laburra zabaldu du lanen hasiera iragarriz.

  Lanek inguruko trafikoan eragingo dutela dio Aldundiaren oharrak, baina erreietako bat beti irekita mantenduko dela zehazten du; unean uneko lanen arabera, ibilgailuen joan-etorria arautuko dela azpimarratzen da oharrean. Era berean, lanak egiteko lau hilabeteko epea dagoela zehazten da. Hala ere, pentsatzekoa da, epea laburtu egingo dela, are gehiago, kontutan hartzen bada Tourraren tropela bertatik pasako dela, Gasteiztik-Donostiarako etapa beteaz, uztailaren 2an.

  Goribarko biribilgune berriak 40 metroko kanpo diametroa hartuko du, 6 metroko zabalera duen eraztun erreia eta 12,5 metroko barne erradioa izango dituelarik. Bide adar bakoitzak zirkulaziorako sarrera eta irteera errei bana izango ditu eta horiek lerrokadura kurboak dituzten irlatxo deflektorez osatuko dira, hurbiltze abiadura murriztera bultzatu eta ibilgailuak zirkulazio birakarian sartzea errazteko. Era berean, espaloia eraikiko da Kasablanka aldera eta Torreauzoko bidegurutze aldera. Udalak, bere aldetik, eta lan hauen osagarri moduan, Torreauzoko bidegurutzean oinezkoen irisgarritasuna hobetzeko lanak esleipenera atera ditu bigarren aldiz, hutsik geratu zen lehenengo deialdiko aurrekontua jasota.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!