Oñatiko udala

Hasi dira Gizarte Zerbitzuetako behin behineko bulegoak prestatzen, Ramon Irizar kalean

2022/07/04
Card image cap
Lekualdaketa irailerako aurreikusi dute zerbitzuko arduradunek

  Bidebarrieta kalean Udalak dituen gizarte zerbitzuetako bulegoak eraberritu egin behar dira. Udazkenean hastea espero den lanok egin bitartean, gizarte zerbitzuetako langileak Ramon Irizar parke ondoko lokal batean kokatuko dira. Behin behineko bulego hori egokitzen hasi berri dira.

  IRULEN eraberritze eta eraikuntza enpresa ari da berez Atzeko kalea 6 den eraikinari dagokion eta Ramon Irizar parke aldera ematen duen galeria lokala egokitzen, Aitziber Izura Egurbide arkitekto teknikoak osatu duen proiektuaren arabera. Lanek 48.000 euroko aurrekontua dute. Herritarrei harrera egin eta kontsultetarako bulegoak prestatzen ari dira, irisgarritasun neurriak bete eta, aldi berean, halako zerbitzu batek eskatzen duen intimitate eta diskrezio baldintzak beteaz. Lokala arkitektonikoki berregituratzeko lanen ondoren, informatika eta telekomunikazio aldetik hornituko da, udaleko zerbitzu-sarera lotuz. Lanak, abuztu-irailean amaitu eta lekualdaketa irailean egitea aurreikusten dute gizarte zerbitzuetako arduradunek.

  Gizarte zerbitzuen bulegoak 2002an aldatu ziren udaletxetik Bidebarrieta kalera. Ordutik zerbitzua eta, bereziki, langile taldea handitu den arren, ez da espazioa berritu. Urteekin behar berriak sortu dira eta horiei erantzuteko egungo espazioa berrantolatzeko lanak egingo dira. Bereziki harrera lekua moldatuko da, eta beste bulego bat egokituko da, erabiltzaileen erosotasuna eta zerbitzuaren diskrezioa handitze aldera. Baina lan horiek, Ramon Irizar parke ondoko behin behineko bulegoak prestatu ondoren hasiko dira, udazkenean.

  Udaleko gizarte zerbitzu departamentuan sei langile daude une honetan: zerbitzuaren arduraduna, lau gizarte langile eta administraria.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!