Hasi dira Emakumion Etxia eraikitzeko lanak

2023/03/31
Card image cap
Aldi berean egingo den parte-hartze prozesua online jarraitzeko aukera izango da

  Astean hasi dira kale Zaharreko 13an Emakumion Etxia eraikitzeko lanak. Bi zatitan egingo dira eta 2024 hasierarako amaitzea espero da. Orain, eraikina egonkortzeko lanak egingo dira: teilatua eraberritu, eskailera berriak eta igogailua jarriko dira eta barne banaketa eraitsiko da, espazio irekiak utziz. Ondoren, etxearen barne banaketa eta antolaketa egingo da. Bigarren fase horretarako lanen diseinua, parte-hartze prozesuaren laguntzarekin burutuko da.

  Urtarrilean egin zen Bisitetik aukeretara saioak eman zion amaiera aurreko eztabaida faseari. Inguruko emakumeen etxeetara egindako bisitetan ikusitakoak partekatu zituzten bisitetan parte hartu zuten emakumeek, joaterik izan ez zutenekin. Inguruko ekimenak ezagutzeak, Oñatiko Emakumion Etxiak eman ditzakeen aukera anitzak irudikatzeko balio izan zuen. Orain zehaztapen edo diseinu faseari ekingo zaio. Apirila amaieran egitasmoa ardazten duten oinarri teorikoak adosteko saioa egingo da eta maiatzean eta ekainean beste bi saio egitea aurreikusten da, etxearen barne-banaketa adosteko.

 Emakumion Etxia eraikitzen prozesua edonork jarraitu dezan online ataria prestatu du Udalak. Prozesu irekiaren ideia azpimarratu du Izaro Elorza alkateak. Nahi duen oro, edozein momentutan, prozesuan sartu eta prozesutik irten daitekeela esan du alkateak eta sartu-irten horietan informaziorik ez galtzeko online tresna osatu dutela gaineratu du. Momentura arte egindako bidea edonork ikusi ahal izango du, edo fase bakoitzean landutakoa eta adostutakoa berrikusi, prozesuaren baitan sortzen joan diren bideo, argazki eta edukiak bildu baitira bertan. Bitarteko hori gainera, etengabe elikatzen joango dira prozesuak aurrera egin ahala, instagram sarearekin batera. Prozesuaren jarraipena modu erosoan egiteko aukera eskainiko du honek, informazio gaurkotua edonoren esku jarriz. Emakumion Etxia eraikitzen estekarako lotura egin da udaleko web ataritik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!