Hasi dira atez ateko hondakinen bilketarako lehen zintzilikarioak jartzen.
Zolarri enpresari esleitu zaizkio zintzilikario zutabeak jartzeko lanak. Orain arteko edukiontzi berdeak kendu eta zintzilikario zutabeak jartzeko aldaketa hau Kalegoienan egin da lehenik baina datozen egunotan, aurrez zehaztutako beste kokagunetan jarraituko da. Lehenengoko hau proba moduan planteatu da zintzilikario zutabeek zenbaitek pentsatzen zuten adinako inpaktu bisualik ez dutela sortzen ikusi dezaten.
Maiatzeko lehen egunetan hasiko dira jada zintzilikario zutabeak herri-gunean jartzen, herritarrekin adostutako lekuetan.
Horretarako udal arduradunek, kokapen lekuak identifikatu eta bebarruetako ordezkariekin otsailean egin zituzten bileretan jakinarazi zieten. Zenbait kasutan, herritarrek beste kokapen batzuk proposatu zituzten. Ekarpen guztiak aztertuta zintzilikarioen behin betiko kokapena onartu berri da.
Aste honetan bertan, leku aldaketak proposatu zituzten herritarrekin telefonoz harremanetan jartzen ari dira hartutako erabakia jakinarazteko.
Informazio hori herritar guztiok ere izango dugu, zintzilikarioen kokapenaren inguruan osatu den panel erakusketa egingo baita Santa Ana aretoko sarrerakoan. Herria hainbat gunetan banatu da eta bakoitzean hondakin frakzioak uzteko zintzilikarioak non kokatuko diren marraztu da. Panelak gertatzen ari dira eta okerrik ezean, astelehen-asteartean Santa Anan ikusgai jartzea espero da. Zintzilikazioak herri-gunean jarriko dira baina landa auzoetan, ekarpen guneak egokituko dira. Horiek non kokatuko diren ere erakutsiko da. Horretarako materiala dena den, beranduago eskuratuko denez, jaso bezain pronto Santa Anan ikusgai jarriko da aurreko erakusketa osatuz.
Aldi berean, hondakin bilketa sistemari buruzko informazioa emateko bileren bigarren erronda, maiatzaren 6tik 15era egingo da. Bileretan, hondakin frakzio bakoitzaren bilketa zein egunetan egingo den, nola eta zein ordutegitan azalduko da. Kuboen banaketa nola egingo den eta aurreko fasean herritarrek egindako ekarpenei zein erantzun eman zaizkien ere argituko da.
Atzo aurreratu bezala, bigarren bilera informatibo hauek egun, ordutegi eta leku ezberdinetan egingo dira herritar guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten. Aurreko txandan egin bezala, bestalde, oraingoan ere merkatari, elkarte gastronomiko eta landa guneetan bizi diren auzotarrei zuzendutako bilera bereziak egingo dira. Bilera erronda berri hau maiatzaren 6tik 15era egingo da.
10:00 | 19:00 | |
---|---|---|
MAIATZAK 6 | Tokia: ETEO Hizkuntza: Euskara Hartzaileak: Herritarrak |
|
MAIATZAK 7 |
Tokia: ETEO Hizkuntza: Euskara Hartzaileak: Herritarrak |
Tokia: ETEO Hizkuntza: Gaztelera Hartzaileak: Herritarrak |
MAIATZAK 8 |
Tokia: Kultur Etxea Hizkuntza: Euskara Hartzaileak: Herritarrak |
Tokia: Kultur Etxea Hizkuntza: Euskara Hartzaileak: Landa Gunea |
MAIATZAK 9 |
15:00 Tokia: Kultur etxea Hizkuntza: elebitan Hartzaileak: Merkatariak |
|
MAIATZAK 10 |
Tokia: Santa Ana Hizkuntza: Gaztelera Hartzaileak:Herritarrak |
|
MAIATZAK 13 |
Tokia: Zuazola Hizkuntza: Euskaraz Hartzaileak: Herritarrak |
|
MAIATZAK 14 |
Tokia: Santa Ana Hizkuntza: Euskaraz Hartzaileak: Herritarrak |
Tokia: Zuazola Hizkuntza: Gazteleraz/Gorrentzako Hartzaileak: Herritarrak |
MAIATZAK 15 |
Tokia: Kultur Etxea Hizkuntza: Euskaraz Hartzaileak: Herritarrak |
Tokia: Kultur Etxea Hizkuntza: Euskaraz Hartzaileak: Elkarte gastronomikoak |
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!