Hasi dira asfaltatze lanak hainbat bide eta obra gunetan
Aurreikusitakoa baino gehiago luzatuko dira Araotz eta Azkoagaindik gora eratu den bidegorri berriaren asfaltatze lanak. Ondorioz, datorren astean hasiko dira San Lorentzo eta herriguneko beste hainbat kale asfaltatzen.
Araotzen, ostatu inguruan, urbanizazio lanak egin dira: ostatu osteko euri-urak bideratu dira, hartxintxarrez zegoen aparkalekuen eremuan zoladura bota da eta ostatu osteko ingurua asfaltatu da. Bi egun eman dituzte asfaltatze lanetan Firmes Alaveseseko langileak. Gaur berriz, Azkoagaindik gora Lezesarrira egokitu den oinezkoentzako bidea, bidegorria, asfaltatzen hastekoak ziren.
Aste honetan San Lorentzora jaitsi eta auzoaren 10. area deritzonaren inguruan errepidea asfaltatzea aurreikusten zen baina astelehenean hasiko dira horretan, udaltzainburuak adierazi digunez. San Lorentzo eta Errekalde arteko tunelaren paretik gora, errebuelta hartu bitarteko tartean asfaltatuko da auzo bide nagusia, baita honen perpendikular diren, eta irisgarritasun lanak egin diren, hiru kaleak ere. Hiru kale horietatik hasiko dira asfaltatze lanak egiten eta auzo bide nagusira pasako da ondoren. Bizpahiru egun beharko dira eta inguruko aparkalekuak astelehen goizerako libratu beharko dira. Hori adierazten duten ohartarazpenak astearen hondarrean jarriko dira. San Lorentzoko 10. arean egingo diren asfaltatze lanei jarraituz auzorako sarrera eta irteerako aldapak asfaltatuko dira. Larraña etxea eta Eltzia inguruko aparkalekuak ere libre utzi beharko dira. Auzoa erditik zeharkatzen duen errepidetik bideratuko da trafikoa, bi aldapa nagusiak asfaltatzen diren bitartean.
Hurrengo lanak berriz, bihar egingo den bileran erabakiko dute udaleko zerbitzuetako eta udaltzaingoko buruek. Olapoto, osasun zentroaren aurrealdeko errotonda, Bidebarrieta kalea, Moiua kalean edota Natra ingurua jasota daude asfaltatze lanen plangintzan.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!