Hasi dira Aita Lizarralde kaleko isleta kentzeko lanak
Pasa den astean aurreratu bezala, udal brigadako langileak ari dira Aita Lizarralde kalean, San Martin auzorako bidegurutzean dagoen isleta kentzeko lanak egiten. Lanok bi egunetan amaitzea aurreikusten da eta ondorioz, bide baten mozketak bihar arratsaldera arte iraungo du. Hala, San Martin eta Murgia aldetik doazen ibilgailuek bertatik pasatzeko aukera izango dute baina San Martinera edo Murgia auzora joateko Berezaotik barrena joan beharko dute.
Aita Lizarralde kalean San Martin auzorako sarreran zegoen hormigoizko babesgune edo isletak arazoak sortzen zizkien ibilgailu handiei, autobus eta kamioiei, bidegurutzera sartzerakoan ez baitzuten bira egiteko nahikoa leku. Horregatik, aipatu isleta kentzea erabaki zuen udalak. Lanak egin aurretik, GI 2630 errepidearen jabe den Foru Aldundiari jakinarazi zitzaion errepidearen seinaleak lekuz aldatzeko baimena eman zezan. Seinaleak pasa den astean birkokatu ziren eta isleta kentzeko lanak gaur goizean hasi dituzte. Bihar arratsaldean amaitzea espero da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!