Harreragile lan poltsarako onartu eta baztertuen behin behineko zerrendak argitaratu dira
30 lagunek eman zuten izena udalak osatu asmo duen harreragile lan poltsarako. Horietatik 27 onartu dira eta hiru berriz, baztertu. Onartu eta baztertuen behin behineko zerrendak udaletxeko iragarki taulan eta udal webgunean ikusgai daude. Dena den, aldaketak egon daitezke, erreklamazioak aurkezteko epea etzi, asteazkenean amaituko baita. Oraingoz, hautaketa prozesutik kanpo utzi diren hiru lagunetatik bi eskatutako titulazioa ez aurkezteagatik baztertu dira eta bestea aldiz, ezarritako euskara maila ez akreditatzeagatik. Asteazkena, 14:00ak arteko epea dute eskatutako agiriak aurkezteko.
Erreklamazioetarako epea beteta, onartu eta baztertutako hautagaien behin betiko zerrendak argitaratuko dira eta lehen eta bakarra izango den azterketarako eguna finkatu eta jakinaraziko da. Oposizio fasean ariketa teoriko bakarra gainditu beharko dute hautagaiek, horretarako oinarria, deialdiarekin batera argitaratu den gaitegia izango da. Azterketa teorikoa gainditzen duten hautagaien merituak baloratuko dira ondorengo lehiaketa fasean eta egiaztatu duten lan eskarmentua eta formazio osagarria hartuko da kontuan. Hautaketa prozesu osoan lortutako puntuazioaren arabera zehaztuko da hautagaien lehentasun ordena lan poltsan.
Harreragile lanpostua betetzen duenak hainbat eginkizun izango ditu: herritarrei harrera ematea, bai lehiatilan edota telefonoz; instalazioen inguruko eta bertan ematen diren zerbitzuen inguruko informazioa eman; instalazioen sarrera eta irteerak kontrolatu eta instalazioak ireki eta itxi; eta instalazioan erabiltzen diren baliabide materialen zaintza eta erregistroan laguntzea, besteak beste. Udal eraikinetan aldian-aldian sortzen diren beharrak betetzeko erabiliko da aipatu harreragile lan poltsa. Une honetan udalak ez du halako beharretarako lan poltsa propiorik, eta beharra izan duen azken aldietan, inguruko herrietan dituztenetara jo du.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!