Harrera oso ona izan du Udalak zaintza alorreko langileentzat antolatu duen prestakuntza programak

2022/10/14
Card image cap
22 lagun hasi dira martxora arte luzatuko den ikastaroa osatzen

  Udalak eta SSI talde kooperatiboak zaintza alorreko langileentzat antolatutako Mentsad prestakuntza programak harrera ona izan du. Irailaren 22an egin zen aurkezpen saiora 50 pertsona bertaratu ziren, eta horietako 22k hasi dute formazio ikastaroa. Mentsad metodologiak autoprestakuntza eta larunbatetan egingo diren aurrez aurreko saioak tartekatzen ditu eta ondorioz, ikastaroa zaintza lan-orduekin bateragarria egiten du.

  Bi helburu nagusi ditu egitasmo honek: parte hartzaileen enplegarritasuna eta zerbitzuaren kalitatea hobetzea. 23 astez luzatuko den programaren ondoren, zaintza arloko ziurtagiri ofiziala eskuratzeko froga egiteko prest egongo dira ikasleak. Ildo horretan, balorazio positiboa egin du Udalak, ikastaroa lagungarri izango delako atzerritartasun egoera erregularizatu gabe duten langileen egoera sozio-laborala hobetzeko. Gogoan hartu behar baita, zaintza alorreko langileen gehiengoa emakume migratuak direla eta kolektibo zaurgarria osatzen dutela.

  Zaintza alorreko langileen prestakuntzan ikastaro berriak eskaintzeko asmoz ari da Udala, eta datorren urtera begira, amaieran ziurtagiri profesionala eskuratzea ahalbideratuko duen ikastaro ofiziala Oñatin egiteko aukera lotzen ari dira. Zaintzan diharduten langileen formazioan hutsunea dagoela uste du Susana Altuna Ongizate Zerbitzuen batzordeburuak eta beste erakunde batzuek gaiari noiz helduko itxaron gabe erronkari aurre egitea erabaki dutela esan du. Gai hau eta beste zenbait landu asmoz batzarra eskatu dio Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuen departamentuko Planifikazio Zuzendariari.

  Mentsad prestakuntza programa martxan jartzeko ekinbidea Bidebarri laneratze enpresak, Caritas-Elkarzabalek eta Udalak iaz egin zuten hausnarketa prozesuaren baitan kokatzen da; zaintza arloko langileen prestakuntza eta lan baldintzak hobetzeko beharra ikusi zen, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!