Harrera oso ona ari da izaten udalak diruz lagundutako erosketa bonoen kanpaina berria

2021/10/28
Card image cap
Laguntzaren %85a erabili da jada, kanpaina hasi eta bi astera

  Urriaren erdialdean jarri zuen martxan Udalak herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetan erabilgarri diren bonuen kanpaina berria, eta, arduradunen esanetan, harrera oso ona ari da izaten. Dagoeneko 1.700 herritarrek eskuratu dute euren bonua eta horri esker 130.000 euroko erosketak ahalbideratu dira, kanpaina abiatu eta bi aste igaro direnean. Beste era batera esanda, eskuragarri jarri ziren 2.000 bonoen %85a hartu da jada. Udalak, guztira, 30.000 euro bideratu ditu ekimen honetara, erosketarako bono bakoitzari dagokion %20a diruz laguntzen baitu.

  Udal ordezkariak pozik agertu dira kanpaina berri honek izan duen harrerarekin. Oñatiarrek herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen alde duten jarreraren adierazgarri dela esan du Xabier Igartua Sozioekonomia zinegotziak. Azpimarratuz, ekimenean parte hartzen duten establezimenduak direla herriari bizia, argitasuna, konfiantza edota gertuko hartu-emana eskaintzen dizkiotenak.

  Udalak diruz lagundutako erosketa bono hauek 16 urtetik gorako herritarrei zuzenduta daude. oñati.bonoak.eus webgunean edo kanpainarekin bat egina duten establezimenduetan eskuratu daitezke. Bakoitzak, 75 euro arteko muga izango du eta udalak %20arekin laguntzen du bono bakoitza. Guztiak salduta, herriko saltokietan 150.000 euroko diru mugimendua sortuko da, dagoeneko, 130.000ra iritsi da.

  Bonoak erosteko epemuga azaroaren 30ean jarri zen, baina doan abiaduran, lehenago agortzea aurreikusten da. Bonoak kontsumitzeko berriz, abenduaren 3a izango da azken eguna.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!