Oñatiko udala

Hainbat udal zerbitzu itxita egongo dira bihar Greba feminista dela eta

2019/03/07
Card image cap
Herriko ikastetxeetan ere gutxieneko zerbitzuak gizonezkoek beteko dituzte

  Bizitza erdigunera aldarrikatuz, egun indarrean den sistema kapitalista-patriarkalak agintzen duen eredutik haratago, bizitza bera lehenetsiko duen eredu berria nagusitzea eskatzen du biharko Greba feministak. Horren haritik 24 orduko greba deitu da zaintza, kontsumo, pentsionista, enplegu eta hezkuntza alorrean. Oñatin, oihartzun zabala izango duela dirudi, bai behintzat ikastetxeetan eta udal zerbitzuetan.

  Herriko haur, lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxe guztietan greba egingo da eta legez agintzen diren gutxieneko zerbitzuak gizonezkoek beteko dituzte. Ikastetxeak zabalik izango dira ikasleei harrera egiteko baina ez da eskolarik emango.

  Udal mailan berriz, Gaztelekua, Ludoteka, Liburutegia, Gizarte zerbitzuak, Turismo bulegoa, Arrikrutz koba eta Oñati irratia itxita egongo dira. Zine emanaldirik ere ez da izango eta udaletxean, erregistroa zabalik mantenduko da, gutxieneko zerbitzuek halaxe agintzen dutelako. Arratsaldean udaletxea itxita egongo da. Gutxieneko zerbitzuak agindu dira baita ere Oñargin eta etxez etxeko zerbitzuetan. Kiroldegia ireki egingo da bihar baina zenbait jarduera bertan behera geratuko dira. Herribusa normaltasunez ibiliko da.

  Natra eta CEGASAn zenbait emakumek greba egiteko asmoa azaldu dute baita ULMAko hainbat negoziotan ere. Dendei dagokienean Arantzazu kaleko Eroski Center itxita egongo da eta Olakuako Super BMk 12:00tatik 13:00era itxiko du, Lagun leku elkarteak antolatu duen elkarretaratzearekin bat eginez.

  Eguerdian bi ekitaldi izango dira Oñatin, elkarretaratzea Olakuako urmaelaren inguruan eta manifestazioa plazan. 19:00tan berriz, manifestazio bateratua egingo da erdiguneko kaleetan. Baina eguneko ekintzak 8:00tan hasiko dira kazerolada batez. Goizean zehar tailer ezberdinak egingo dira Foruen enparantzan eta norberak eramandakoarekin lagun arteko bazkaria, manifestazioaren ostean. Zaintzari buruzko kafe-tertulia izango da 16:00ak inguruan, hori ere plazan. Eguna hasi eta amaitzear daudela, zortzina itxaflero botako dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!