Hainbat udal eraikin eta zerbitzu itxita egongo dira bihar

2023/11/29
Card image cap
Udal langileen asanbladak greba feminista orokorrarekin bat egitea erabaki du

  Udalak gutxieneko zerbitzuak agindu ditu eta, ondorioz, udaletxeko HAZ bulegoa zabalik izango da, dokumentuen erregistroa egin eta deiak jasotzeko bakarrik, udaltzaingo zerbitzuaren %100 bermatuta egongo da eta hilobiratze zerbitzua mantenduko da, soilik ezinbesteko denean. Etxez etxeko laguntza zerbitzuan ere gutxieneko lanak zehaztu dira. Gutxieneko zerbitzu horiek, lehentasunez, lanuztea egiten ez dutenen artean betetzea aurreikusten da alkateak sinatu duen dekretuan. Zubikoa kiroldegia, Euskaltegia eta Kultur etxea itxita egongo dira eta Oñati Irratiak ez du irratsaiorik egingo bihar.

  Herribusari dagokionean, zerbitzuaren %30a mantentzea agindu da, eta ehuneko hori banatzerakoan lehentasuna ematea garraio zerbitzurik ez duten edo osasun zentroetara daramaten lineei. Lantokietako sarrera-irteera ordutegiei ere estaldura berezia ematea agindu da alkate dekretuz.

  Mankomunitateak herririk herri darabilen garbigune ibiltaria bihar Oñatin kokatzekoa zen baina ez da ekarriko eta Urrutxuko garbigunea ere itxita egongo dela jakinarazi da Mankomunitatetik. Herriko enpresa askotan ez da asanbladarik egin eta libre utzi zaie langileei biharko grebara batu ala ez.

  Zaintza komunitario eta publikoaren alde deitu da biharko greba feminista orokorra. Horren haritik, mugimendu feministak herri akordio bat aurkeztu zuen urrian, beste hainbat eragilerekin batera. 23 aldarrikapen jaso ziren bertan: hemezortzi epe laburrerako eta bost epe luzerako. Epe laburreko aldarrikapen batzuk dira zaintza sektoreko langileen lan baldintzak duintzea, etxez etxeko laguntza zerbitzua indartu eta garatzea, zaintza zerbitzuen pribatizazioa amaitzea, pentsio duinak ezartzea eta Atzerritarren Legea bertan behera uztea. Luzera begira, berriz, zaintza sistema publiko-komunitarioa garatzea aldarrikatzen da eta lanaren banaketa sexual eta arrazista amaitzea.

  Biharko deituta dagoen greba feminista orokorraren baitan egun osorako ekintza programa antolatu da Oñatin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!