Oñatiko udala

Hainbat udal dirulaguntza abian jartzeko erabakia hartu zen osteguneko Osoko Bilkuran

2022/01/29
Card image cap
Herriko ikastetxe eta guraso elkarteen artean banatzeko 87.000 euro gorde dira eta emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiten duten elkarteentzako 5.000 euro

  Urtea hastearekin batera Udalak eman ohi dituen hainbat dirulaguntzetarako oinarriak berrikusi eta horiek onartuta, deialdiak martxan jarri ohi dira. Osteguneko Osoko Bilkuran, halako biri argi berdea eman zien udalbatzak, aho batez.

  Alde batetik, herriko ikastetxeei eta bertan diharduten guraso elkarteei zuzendutako dirulaguntzen deialdia argitaratzea erabaki zen. Dirulaguntza hauek 2003tik ematen ditu Udalak baina oinarriak 2017an egokitu eta berritu ziren. Horien arabera, ikastetxeen kasuan, ikasle kopurua, eskola kirolean duten partaidetza edota hizkuntza normalkuntzarako errefortzu egitasmoak hartzen dira aintzakotzat dirua banatzerakoan. Guraso elkarteei dagokienean berriz, urteko ekintza programa izan ohi da irizpide nagusia. Aurtengo aurrekontuetan 87.000 euro gorde dira dirulaguntza hauetarako.

  Era berean, gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren esparruan lan egiten duten elkarteentzako dirulaguntzen oinarri arautzaileak ere onartu ziren Osoko Bilkuran. 5.000 euroko diru partida gorde da.

  Bi deialdiak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eskaerak egiteko 30 eguneko epea irekiz.

  Baina hileko Osoko Bilkura baino lehen, beste hainbat dirulaguntza abian jartzeko erabakia ere hartu zen Alkate dekretuz: adikzio mota desberdinen tratamendurako dirulaguntzak, bizikidetza unitatea hautsi eta diru-sarrera urriak izanik familia-kargak dituzten emakumeei zuzendutako dirulaguntzak, eta etxe partikularretan su detektagailuak jartzeko dirulaguntzak. Kasu hauetan ere oharrak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eskaerak egiteko epea irekiz; lehen bi dirulaguntzetarako azaroaren 30era arte, eta su detektagailuen kanpainan, urria edo azaro amaierara arte, iragarkian zehaztuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!