Hainbat lapurreta eta saio salatu dira asteburuan

2023/03/27
Card image cap
Euskadi etorbideko bulego batean sartu ziren lapurrak eta Bidebarrieta kaleko etxebizitza batean saiatu ziren larunbatean

  Lapurreta eta lapurreta saio salaketa ezberdinak jaso dituzte udaltzaingoan asteburuan. Lokal edo eraikinetan ez ezik, bizikleta lapurretak ere salatu dira.

  Lapurrak herriko hiru lokal edo eraikinetan sartzen saiatu dira larunbat goizaldera eta horietako batean sartu ere sartu ziren: Euskadi etorbideko bulego batean, hain zuzen. Sarraila apurtzen saiatu ziren hasieran baina lortu ez zutenez leiho bat puskatuta sartu ziren lokalera. Irten berriz, atzeko atetik irten ziren, udaltzaingoan aurkeztutako salaketaren arabera. Gertaeraren berri Ertzaintzari eman zitzaion, aztarnak topatu zitzaten baina ez zuten pista argigarririk aurkitu. Lapurrek zer eraman duten ez da jakinarazi.

  Bidebarrieta kalean etxebizitza moduan egokitutako beste lokal batean sartzen saiatu ziren lapurrak ostiraletik larunbaterako gauean. Jabea etxean zen, ohean, eta zaratak entzun omen zituen baina ez zen gertatzen ari zenaz konturatu. Goizean etxetik irteterakoan sarraila kaltetuta zegoela ikusi eta lapurreta saioa salatu zuen. Eltzian, azkenik, alboko sarrerako ate bat manipulatu zutenaren abisua eman zitzaien udaltzainei, larunbat arratsaldean.

  Bestelako lapurreta salaketa batzuk ere izan dira asteburuan udaltzaingoan: plazan, katez lotuta utzitako Orbea markako bizikleta lapurtu ziotela salatu zuen jabeak, igandean, eta beste batek, azoka ondoko bizikleta aparkaekuan zuen txirrindua frenoak moztuta eta zenbait pieza gabe aurkitu zuela salatu zuen.

Iturria: Oñati Irratia

 

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!