Erabilerarik gabeko hainbat gela hustu dira San Martin egoitzan, egoiliarren batek positibo emanez gero bakartuta mantentzeko

2020/03/27
Card image cap
Zubillagako suhiltzaileak San Martin egoitza desifektatzen egon ziren atzo

  San Martin egoitzan egunerokoa normal doa, egoiliarrek bisitarik jaso ezin dutela eta etxekoekin telefonoz harremanetan jartzen direla kontuan hartuta. Protokolo ezberdinak zehaztu eta zabaldu dira Foru Aldundiko Gizarte Politikako Departamentutik Covid 19 gaitzak planteatutako egoera ezberdinei aurre egiteko; prebentzio protokoloa izan zen hasieran eta une honetan, euste protokoloa dago indarrean. Hala, kutsaturik ez dagoenetan edo kutsaturen bat diagnostikatzen denerako jarraibide ezberdinak jasotzen dira protokolo horietan.

  Kabiako egoitza guztiei espazioa modulatzea eskatu zitzaien, ahal zen neurrian espazioa bereiztea eskatu zitzaien, egoiliarren eta langileen joan-etorria modu egokian mugatzeko, beharra gertatuko balitz. Zentzu horretan, San Martin egoitzan inork erabiltzen ez zituen hainbat gela hustu dituzte egoiliarren batek positibo emanez gero isolamenduan mantendu ahal izateko. Oraingoz ez da halako kasurik eman Oñatiko egoitzan.

  Donostiako Antigua auzoan Gurutze Gorriaren ospitalea izan zen eraikina prestatu da zaharren egoitzetan gaixotu daitezkeen egoiliarrak hartzeko. Beti ere, erdi bideko baliabide gisa, gaixoaren larritasunak beste osasun zentro bereziago batera eraman beharra eskatzen ez duen bitartean. 

  Egoitzetako egoiliarren eta familien arteko hartu-emanak hobetzeko bitartekoak ere zehazten ari dira beste protokolo batean. Hartu-eman horiek modu seguruagoan eta ordutegi jakin batean egin ahal izateko, besteak beste.

  Bitartean, Zubillagako suhiltzaileak nagusien egoitzak eta inguruak desinfektatzeko lanetan ari dira azken egunotan, Gipuzkoako gainontzeko lankideen antzera. Atzo, San Martin egoitzan egon ziren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!