Hainbat egokitze lan egingo dira Agustinoen eliza inguruetan, herriko elizkizun nagusiak bertara aldatuta

2022/10/17
Card image cap
Unibertsitate etorbideko errei bat itxiko da bihar lanetarako materiala parrokiara sartzeko

  San Miguel parrokia itxi dute jada xilofagoen kontrako tratamendua egiteko. Itxierak hilabete iraungo du eta bitartean elizkizunak Agustinoen elizan egingo dira, pasa den astean aurreratu genizuenez. Baina leku aldaketa horrek hainbat egokitze lan egitea ekarri du. Hala, eliza aurrealdeko espaloia mugatzen duten piboteak aldatzen hasi dira udal brigadako langileak. Orain arteko piboteek tamaina txikia zuten eta argi gutxi dagoenean kolpea hartzeko arriskua zuten, elementu altuago eta ikusgarriagoak jarriko dira, istripurik gerta ez dadin.

  Era berean, Olaitturriko jolasgunea aparkaleku moduan erabiltzeko zabalduko da hiletaren bat dagoenean eta ordu tarte mugatuan. Egun asteburu eta jaiegunetan bakarrik zabaldu ohi da jolasgunea autoak aparkatzeko, baina datozen lau astetan parrokiako lanak egin bitartean, eta hileta elizkizuna dagoenetan, jolasgunea ireki egingo da, 18:00retatik 21:00etara bitartean.

  Parrokiako lanekin lotuta hirugarren oharra era bai, Unibertsitate etorbideko errei bat itxi egingo baita bihar, parrokiara materiala sartzeko. ULMAtik aldamioak eta bestelako elementuak ekarriko dira eta, kamioia hustu bitartean, Unibertsitate etorbideko errei bat itxita egongo da. Langileak arduratuko dira ibilgailuak libre dagoen erreitik bideratzen.

  Mikel Goiaingeruaren parrokian egurra erasotzen duten xilofagoen kontrako tratamendua egingo da datozen lau asteotan, ondorioz, eliza nagusia itxita egongo da azaroaren 18ra arte. Parrokia itxita dagoen bitartean hiletak eta eguneroko elizkizunak Agustinoen elizan egingo dira, gaurtik jada hasita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!