Oñatiko udala

Hainbat diru laguntza eta beka deialdi aztertuko dira gaurko Osoko Bilkuran

2015/03/26
Card image cap
Lau alkate dekreturen berri emango da eta beste horrenbeste mozio idatzi aurkeztuko dira EH Bildu udal taldearen eskutik

  Gazte emantzipaziorako diru laguntza berriak emango ditu udalak. Gaia gaurko Osoko Bilkuran proposatuko da. Gazteek, gurasoen etxea utzi eta beren kabuz alokairuan bizitzen jartzeko dituzten zailtasunak arindu nahi ditu Udal Gobernu taldeak alokairurako diru laguntzak emanez. Arautegia Udalbatzaren bilkuran aurkeztuko da. Baina beste diru laguntza batzuk ere aztertuko dira: ingurumen izaerako bekaren oinarri arautzaileak, larrialdietarako udal laguntzen ordenantza erregulatzailea eta gizarte zerbitzuen arloan diharduten elkarteei urtero eman ohi zaizkien diru laguntzak.

  Diru laguntzen antzera, alkate dekretuen berri emateak eta mozioak ere ugari izango dira bileran. Bakoitzetik launa zerrendatu dira.

  Aktak euskaraz bidaltzeagatik Udalak jaso zuen helegitean Eusko Jaurlaritza bertaratzeko eskaera, prestakuntzarako IVAPen iazko laguntza deialdia, kreditu aldaketa batzuk eta Ulmari egindako eskaera jasotzen duten alkate dekretuen berri emango da gaurko Osoko Bilkuran. 

  Mozio idatziak ere lau izango dira. Fagor Etxetresnen eta Edesaren itxieragatik kaltetutako taldeen izenean  eta Euskal Memoriaren Taldearen izenean jasotakoak eramango ditu EH Bilduk gaurko bilerara. Beste biak berriz, udal taldearen beraren ekimenez aurkeztuko dira: Eusko Jaurlaritza bultzatzen dabilen Udal Lege egitasmoaren aurreko idatzia batetik eta fracking-a behin-betiko debekatzeko beharrari buruzkoa bestetik.

  Lan zerrendan 20 gai jaso dira. Osoko Bilkura 19.30tan hasiko da.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!