Oñatiko udala

Hainbat baserri bide itxita daude lurjausiengatik

2021/12/10
Card image cap
(Arg:Goiena)
Bidegorria ere etenda dago, Madalenako errepide azpiko pasabide parean eta Ugarkaldetik Olabarrietarako bidean

  Azken egunetako euriteek hainbat lurjausi eragin dituzte gurean eta zenbait baserri bide itxita daude une honetan. Zerrenda luzatzen ari da, udaltzainak iritsi, eta egoera aztertu ahala, bideak ixten ari direlako.

  Lurjausi larriena Errekalden gertatu da, izen bereko baserri paretik gora doan bidean; lur asko jausi da bidera eta errepidea bera apurtu du. Ondorioz, bidea itxita dago eta hala jarraituko du hainbat egun edo astetan, ez delako lurra garbitzearekin soilik konponduko. Errepidea itxita dagoela adierazten duten seinaleak jarri dira bai Errekalde baserri inguruan eta baita Torre Etxebarri baserria pasata ere.

  Lurjausia gertatu da Larraña auzoan ere, Korta baserrirako bidea itxita dago, eta Uribarrin, Datustegi baserrirako bidea. Han ere lurjausia izan dela adierazi diete udaltzainei goizean zehar. Garagartza auzoko Errotatxo baserria berriz isolatuta geratu zen atzo iluntzean, lurjausi batek bidea guztiz hartu zuelako. Lurra kendu eta bidea garbitu asmo da gaur, udaltzainek jakinarazi digutenez, baina pare horretan ere lur asko jausi ei da eta hondeamakinen laguntza beharko da.

  Zuhaitzak ere bota ditu haizeak herriko hainbat tokitan. Olabarrieta auzoan bota zituen atzo handienak, baina azkar kendu zituzten trabatik.

  Putzu handiak daude bestalde errepideetan, eta Errekalde eta San Lorentzo elkar lotzen dituen tunela itxita dago, ur asko pilatu eta putzu handia sortu delako barruan. Berdin bidegorria Madalenako tunel inguruan, atzotik itxita dago. Ugarkaldetik Olabarrietarako tartean ere bidegorria itxita dago Artzubi baserriko teilatuaren zati bat behera jausi zelako asteartean.

  Erreken ur emariak pitin bat behera egin du azken orduetan, zaparradak bai baina aterruneak ere tartekatzen ari direlako, baina bereziki larri ibili dira goizean Zuazola baserrian, Arantzazu erreka irteteko puntuan egon delako. Baina ordu honetan pitin bat behera eginda doa, esan bezala.

  Eguraldi iragarpenen arabera datozen orduak lasaiagoak izango dira prezipitazioari dagokionean, nahiz eta ilunkaran,  frente bero batek euri zaparradak ekarriko dituen berriro. Ez dirudi, dena den, atzokoak adina euri ekarriko duenik. Baina errekak, mendiak, urez gainezka, aseta daude jada eta zenbat gehiago xurgatu ahal izango duten ikusteke dago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!