Gutunak bidali zaizkie trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga ordaindu gabe dutenei
Ia 800 ibilgailu jabe dira zirkulazio zerga zeritzona ordaintzeke dutenak. Guztiei gutun bana bidali zaie udaletxetik, Covid-19ak eragindako krisiaren ondorioz, borondateko ordainketa epea irailaren 15era arte luzatu dela jakinaraziz. Bide batez, zerga ordaintzeko dauden bide ezberdinak zehazten zaizkie.
Udalarekin elkarlanean ari diren kutxa eta erakunde laguntzaileen bitartez egin liteke ordainketa; internet bidez ere bai, euskadi.eus atariaren bitartez; udalera mezu elektroniko bat bidali eta ordainketa kargua egiteko kontu zenbaki osoa jakinaraziz edo aurrez aurre, udaletxeko HAZ bulegora joanda. Kasu honetan, txanda edo hitzordua hartu behar da 010 telefonora deituz edo mezua haz@onati.eus helbidera bidaliz. Gainera, ahal den neurrian, aurrez aurreko ordainketa hori banku txartel bidez egitea eskatzen da.
Oñatin ibilgailuen erroldan 7.985 ibilgailu daude, iaz baino 152 gehiago. Kopuru horretan, ohiko turismoz gain, kamioiak, autobusak, motorrak eta ziklomotoreak sartzen dira. Baita, zirkulazio zerga ordaintzetik kanpo geratzen diren nekazaritzako ibilgailu, erremolke txiki, ezinduen jabetzapekoak diren ibilgailuak eta 30 urte edo gehiago dutenak ere. Orain arte 25 urte edo gehiago zuten ibilgailuak hobaritu eta zerga hau ordaintzetik libre uzten ziren baina aurten 30 urtera igo da antzinatasun epea. Ondorioz, bada azken lau urteetan trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga ordaindu ez baina aurten ordaindu behar izan duenik.
Udalak 897.494 euroko sarrera izango du aurten trakzio mekanikodun ibilgailuei aplikatu ohi zaien zerga kontzeptuan. Iaz baino 35.000 euro gehiago.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!