Oñatiko udala

Gurutze Gorriari, Elikagaien Bankuari eta Caritasi dirulaguntzak emango dizkie Ulma taldeak

2020/06/24
Card image cap
Osasun krisiak eragindako gizarte kalteak arintzeko konpromisoa hartu du kooperatiba taldeak

  ULMA taldeko negozio eta kooperatibek osasun krisia lehenbailehen gainditzen laguntzeko eta, ahal den neurrian, krisi horren ondorioak arintzeko konpromisoa hartu dute. Hala, ekintza sozialeko eta asistentzialeko hainbat ekimen jarri dituzte martxan, besteak beste, Gurutze Gorrira, Elikagaien Bankura eta Caritasera laguntza ekonomikoak bideratzea. Egoera larrian dauden pertsonen beharrak arintzeko diru dohaintzak egitea erabaki du Ulma taldeak.

  XXI. mendeko epidemiarik txarrena pairatzen ari gara, eta ez dira une errazak inorentzat, baina egoera are zailagoa da kolektibo zaurgarrientzat. ULMAtik, laguntza horiekin, bere hondar aletxoa jarri nahi duela esan du Lander Diaz de Gereñuk, Ulma taldeko presidenteak, ahal duten neurrian une zail hau arintzen laguntzeko aletxoa.

  Covid-19aren osasun krisia gizartearen aurpegirik solidarioena erakusten ari zaigu; zaurgarrienentzat elikagaiak ematea, diru ekarpenak egitea, osasun materiala uztea, teknologia uztea, eta antzeko ekintzak horren adibide batzuk baino ez dira, eta ULMAk horiekin bat egin nahi izan du. ULMA Taldeko presidenteak adierazten duenez, Covid-19ak eragindako osasun krisiak gogora ekartzen digu mundu interkonektatu batean bizi garela eta bakoitzak, nork bere lekutik, erantzuna eman behar diela egungo egoerak planteatzen dizkigun erronka soziosanitario eta ekonomikoei.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!