Gurasoen formaziorako hiru hitzaldi eta tailer bat antolatu ditu Hezkuntza Mahaiak ikasturte honetarako

Herriko ikastetxeek, guraso elkarteek eta udaleko Hezkuntza eta Prebentzio departamentuek osatzen dute hezkuntzako elkarlaneko mahaia. Taldearen helburu nagusienetakoa gurasoen formazioa hobetzeko eskaintza adostu eta antolatzea da. 2021-2022 ikasturterako egitaraua zehaztu dute eta hiru hitzaldi eta tailer bat programatu dira, seme-alaben adinaren arabera berezituta.
Frustrazioak kudeatzen eta hauekiko tolerantzia garatzen nola lagundu seme-alabei da eskainiko den lehen hitzaldia, azaroaren 26an. Haur eta lehen hezkuntzako ikasleen gurasoei zuzendutako hitzaldia izango da. Beti ezin da norberak nahi duena egin eta horrek frustrazioak sortzen ditu. Une horietan seme-alabei nola lagundu eta hauek gainditzeko ezinbestekoa den tolerantzia garatzeko orduan gurasoak nola jokatu aztertuko da, besteak beste. Ikastetxeen bitartez zabaldu da lehen hitzaldi honetan parte hartzeko gonbidapen idatzia eta interesa dutenek hilaren 19ra arteko epea dute izena emateko, ohikoa denez, Ainhoa Moiuari mezu elektronikoa bidalita: ainhoa@onati.eus. Hitzaldia euskaraz emango da, azaroaren 26an, 18:30tatik aurrera.
Martxo inguruan eta bigarren hezkuntzako ikasleen gurasoei zuzenduta, seme-alaben sexualitateari buruzko hiru saiotako tailerra egin asmo da. Tailer honetan genero aniztasuna eta aniztasun sexuala, harreman ereduak eta horietan sare sozialek duten eragina edota pornografiaren erabilera jorratu asmo dira.
Maiatzean azken bi hitzaldiak egingo dira. Berdinen arteko liskarrak kudeatu hitzaldia lehen hezkuntzako ikasleen gurasoei zuzenduta maiatzaren 5erako programatu da eta maiatzaren 18an, haurtzaro eta nerabezaroko nahaste psikologikoak eta suizidioaren prebentzioa gaia jorratuko da. Azken hitzaldi hori lehen eta bigarren hezkuntzako ikasleen gurasoei zuzentzea erabaki da.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!