Gune gehiagotan izango dira aurten San Migel eta Errosaixoen bueltako kultur ekintzak

2021/09/17
Card image cap
Elkar zainduz, zentzuz eta errespetuz jarduteko deia egin dute udal ordezkariek

  Aurten ere ez da jairik izango San Migel eta Errosaixoen bueltako egunetan. Kultur eskaintzara mugatuko da egitaraua, iaz bezala, Covid-19aren kontrako prebentzio neurri guztiak beteaz. Baina guneak gehiago izango dira eta ondorioz, aukera zabaldu eta herritar gehiagorentzako lekua izango da. Aurten ere, plaza ondoko Azoka Kultura Gunea muntatuko da, Irunberri plazan bigarren karpa bat jarriko da eta kiroldegia, plazako pilotalekua eta beste zenbait espazio erabiliko dira. Jende pilaketak saihestea da helburua, eskaintza zabaltzearekin batera. Herritarrei elkar zainduz, zentzuz eta errespetuz jarduteko deia egin diete udal ordezkariek, azken ahalegina egin behar dela gogoraraziz.

  Musika nagusi da udalak antolatu duen kultur eskaintzan, baina haurren danborrada, gazta lehiaketa, Atsolorra, haur eta gaztetxoentzat jolas parkeak edota haur ikuskizunak programatu dira, besteak beste. Horretarako, zenbait herri eragilek ohiko jai ekintzak moldatu dituzte, hara nola, Txosna batzordeak, Nekazarien elkarteak, danborrada txikiaren arduradunak, artzain txakur txapelketaren antolatzaileak…

  Gaur zabaldu den kultur egitaraua irailaren 24tik urriaren 4ra luzatuko da. Egun horietan OÑATI BEGI BISTAN argazki erakusketa izango da plazako arkupetan, Ilunpetan taldearen eskutik. Ostiralean bertan irekiko da Azoka Kultura Gunea, plaza ondoan, LA BASUren kontzertuarekin. Eszenatoki berean entzun ahal izango dira Neomak taldea, Esti eta Mikel Markez aita-alabak, Musika banda, El Drogras, Acordes navarros joteroak, Oskarbi taldea, Travellin’Brothers eta Trikizio taldeak. Urriaren 3rako programatu den bertso jaialdia ere plaza ondoko karpan izango da. Baina aipagarria da Errosarixo domekan musika bandak emango duen kontzertua Zubikoa kiroldegian izango dela. Kontzertu oso berezia izango da 42 urteren ondoren Iñaxio Ibarrondok zuzenduko duen azkena izango baita. Txistulariek ere goiz eresiak joko dituzte San Migel eta Errosarixo domekan. Egitarau osoa www.oñati.eus atarian ikusgai dago. Ekitaldietarako sarrera eta gonbidapenak ere bihar goizean, 10:30tan eskuragarri jarriko dira, www.oñati.eus atarian, Txokolateixan eta leihatila digitalean.

  Txosna batzordeak bestalde, egitarau osagarria antolatu du Irunberri plazan kokatuko den karpan egiteko. Egitaraua datorren aste hasieran kaleratuko dutela jakinarazi dute.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!