Oñatiko udala

Gripearen kontrako 1.600nen bat txerto jarri dira anbulatorioan, kanpainaren lehen bost astetan

2022/11/09
Card image cap
Herritar orok du txertoa hartzeko aukera

  Covid-19ak ekarri duen ondorioetako bat da gripearen kontrako txertoa hartzeko aukera zabaltzea; urrian ohiko kolektiboei lehentasuna emanda 65 urtez gorakoak, gaixo kronikoak, emakume haurdunak eta osasun eta zaintza arloko langileek izan dute gripearen kontrako txertoa hartzeko aukera, eta orain edonork. Orain arte 1600 txerto inguru jarri dituzte anbulatorioan.

  Gripearen kontrako txertoa ez ezik, Covid-19ari aurre egitekoa ere jartzen ari dira osasun zentroan. Kasu honetan hartzailearen adina mugatua da, eta gaitza pasatu bada, noiz izan den ere kontutan hartu behar da. Une honetan 60 urtetik gorako edonork hartu dezake Covidaren aurkako txertoa. Eta aurten gaixotu bada, gutxienik bost hilabeteko epea gorde behar da positibo eman zenetik. Horrek herritar askoren kezka sortu du, azken asteetan positibo eman dutenei eta urte amaiera baino lehen laugarren dosia hartu ezin dutenei, txertoa gero non jarriko ote dieten ez baita argitu. Izan ere,  gripearen eta Covid-19aren kontrako txertaketa kanpaina Gabonak bitartean luzatuko dela uste dute anbulatorioko arduradunek, amaiera data zehatza jakinarazi ez bada ere.

  Kanpainak iraun bitartean errefortzurako erizain bat izango da anbulatorioan gripearen eta Covid-aren aurkako txertoak soilik jartzen. Gainontzeko erizainak ere ari dira kupoan dituzten adinekoak edo gaixo kronikoak txertatzen, kontsultara doazela aprobetxatuta. Etxean dauden gaixo gehienak ere txertatuta daude jada.

  Kanpainaren arduradunak pozik daude, gripearen kontrako 1.600nen bat txerto jarri dituztelako kanpaina hasi eta lehen bost asteetan, urtero 2.200 txerto inguru jarri ohi direnean. Covidari aurre egiteko txerto gutxiago jarri dira. Baina gripearen kontrakoa hartu nahi duenak edo, 60 urtetik gorakoa izaki, Covidaren kontrakoa hartu nahi duenak horretarako aukera dauka aurrez hitzordua eskatuta, Osakidetzako web atarian edo osasun zentrora telefonoz deituta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!