Greziako errefuxiatuentzat neguko oinetakoak bilduko dira larunbatean udaletxeko arkupetan

2021/11/09
Card image cap
Txantxiku ikastolan eta Urgain Errekalden ostiralera arte jasotzen ari dira

  Zaporeak GKEk antolatu du neguko oinetakoen bilketa handia, Jantzi negua izenpean. Donostian ez ezik, Oñatin, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Zarautzen ere egingo da. Oñatin oinetakoen bilketa berezi hau dagoeneko martxan da, Txantxiku ikastolan eta Urgain Errekalde ikastetxean halakoak uzteko guneak prestatu baitziren atzo eta bilketa ostiralera arte egingo dute. Larunbatean berriz, neguko oinetakoen bilketa plazan, udaletxeko arkupetan egingo da, 10:00tatik 14:00tara.

  Negua badator eta errefuxiatuen guneetan hotza nabaritzen hasi dira. Errefuxiatuen beharrei adi, Zaporeak elkarteko kideek Lesbosen eta Atenasen dituzten lagunengana jo zuten momentuko beharrez galdezka, eta oinetako egokien falta adierazi zieten. Horregatik, larunbatean, Gipuzkoan bezala, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean oinetakoen bilketa berezia egingo da.
Negurako aproposak diren oinetakoak eskatzen dira, zapatilak, zapatak, botak… erosoak, takoirik gabeak, eta noski, egoera onean izatea eskatzen dute kanpainaren sustatzaileek. Era berean, oinetakoak poltsa baten barruan eta zein neurritakoak diren bistan jarrita eramatea eskatzen dute, beti ere, geroko antolaketa errazte aldera.

  Jantzi negua izeneko kanpaina honen baitan jasotzen diren oinetako guztiak Grezian dauden errefuxiatuen artean banatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!